Maiatzak 31. Tabakorik gabeko Munduko Eguna
Urtero, maiatzaren 31n, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna ospatzen da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egun hori ezarri zuen gizartea kontzientziatzeko tabakoaren eragin kaltegarriez, bai tabakoa kontsumitzeagatik, bai tabakoaren kearen eraginpean egoteagatik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera, 2023an (eskura dauden azken datuak urte horretakoak baitira), Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 17,4k tabakoa egunero erre zuen galdetu aurreko hilabetean.
Tabakoaren eguneroko kontsumoa etengabe jaitsi da 2008tik 2023ra. Ohiko tabako-kontsumitzaileen ehunekoa 2008an % 36,4 izatetik 2023an % 17,4 izatera jaitsi da.
Biztanleria osoan ere beherakada handia izan da, baina ez gazteen artean izan dena bezain nabarmena.

Tabakoa egunero erretzen duten gizon eta emakume gazteen ehunekoa antzekoa da (% 17,0 eta % 17,8, hurrenez hurren). Eguneroko tabako-kontsumoa ohikoagoa da 20-29 urtekoen artean 15-19 urtekoen artean baino.
Datu horiek lotura zuzena dute Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren hirugarren helburuarekin: "Osasuna eta ongizatea". eta, zehazkiago, 3.5 helburuarekin: "Substantzia adiktiboen abusuaren prebentzioa eta tratamendua indartzea, estupefazienteen erabilera desegokia eta alkoholaren kontsumo kaltegarria barne".


Datu horiek eta Euskadiko gazteen osasunarekin zerikusia duten beste hainbat datu Gazteen Euskal Behatokiaren online estatistiketan kontsulta daitezke; zehazki, Osasunaren eta Hilkortasunaren atalean: Gazteen Behatokiaren kudeaketa-aplikazioa.
