Susana García Chueca: "Arabako Lautada osoko herritarrei eskatzen diegu Aldiriko zerbitzu berria erabiltzen lagun diezaguten"

Argitalpen-data: 


      DSC03986.jpg
  • Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak oraindik egiten ez dutenak tren batera igotzera animatu ditu. Tren horrek ordutegi “interesgarriagoak” eta tarifa baxuagoak izango ditu hilaren 30etik aurrera
  • “Aguraindik Gasteizera doanak orain 3,8 eurorarte ordaindu ditzake; hemendik aurrera, berriz, beti 2,9 euro ordainduko ditu”, jarri du adibide gisa

 

Lanera joateko, ikastera joateko edo aisialdiagatik. Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Arabako Lautadako herritar guztiak animatu ditu astelehen honetan Aldiriko trenen zerbitzu berria erabiltzeko lurraldean zehar mugitzeko, “ordutegi interesgarriagoekin beren bizitza erosoagoa eta eskuragarriagoa izateko”.

Onda Cero Vitorian egindako elkarrizketan, sailburuak gonbidapen hau egin du, maiatzaren 30ean martxan jarriko den zerbitzu berriarekin; “trena geltoki gehiagotan geldituko da eta herritarrek aukera gehiago izango dituzte. Goizez, eguerdian, arratsalde erdian eta gauez izango dira ordutegiak. Eskaintza horren helburua da pertsonen lekualdatzea askoz modu jasangarriagoan egitea, eta horrek guztion ongizatea ekarriko du”, ziurtatu du. Era berean, zerbitzuak astean 137 zirkulazio izango dituela gogorarazi du, horietatik % 48 berriak edo ibilbidea luzatzen duten trenekin, eta Altsasun, Araian, Agurainen, Alegría-Dulantzin, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzunen, Manzanosen eta Miranda de Ebron izango ditu geralekuak.

Susana Garcia Chuecak espero du udalerri horietan bizi diren pertsonek Euskadin garraio publikoa erabiltzearen alde ikusitako joera orokorrari jarraitzea: “Euskal herritarrak oso ondo erantzuten ari dira azken urteetan. Erakunde guztiok ahalegin handia egiten ari gara. Garraio erosoa eta eguneroko beharrak ase ditzakeena eskura jartzen diozunean, jendeak oso ondo erantzuten du”.

% 30erainoko deskontuak

EAEko aldiriko trenen kudeaketaren transferentzia urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, eta tarifa-politika ere jasotzen du. Ildo horretan, Euskadiko garraioen arduradun nagusiak gogorarazi du hilaren 30etik aurrera Arabako Lautadako ibilbideek tarifa bera izango dutela ibilbide berean, eta % 30erarteko deskontuak izango dituztela. “Aguraindik Gasteizera doanak orain 3,8 eurorarte ordaindu ditzake; hemendik aurrera, berriz, 2,9 euro kostako zaio beti”, jarri du adibide gisa.

Txartel horiek, sailburuak gogorarazi duenez, Renferen webgunearen bidez erosi ahal izango dira, baina baita geltokietan ere: “Adifekin kontaktu asko izan ditugu itxita egon diren geltokietako atarteak jendearentzat ireki eta egokitzeko. Izan ere, jende askok bide telematikoen bidez erosten ditu bere abonu edo billeteak, baina beste batzuk ere egongo dira geltokira sartu eta jarri ditugun Ares makina berrietan erosi nahi dituztenak, edo edozein informazio euskaraz edo gaztelaniaz jaso nahi dutenak. Espazio erosoa nahi dugu, gure meteorologia dena delako”.

“Geratzen zaiguna da Lautada osoko herritarrei beren laguntza eskatzea zerbitzu hori erabiliz. Gure ustez, ordutegi egokiak dituzten hobekuntza hauekin, zerbitzua gehiago erabiliko da”, azaldu du sailburuak. Edonola ere, “urte amaierara arte” eman dute, “udalerri horietako herritarren proposamenak, beharrak, kexak eta asebetetzeak jasotzeko”. “Horrekin guztiarekin joango gara hobetzen saiatzen. Hori da gure asmoa, ahal den guztia hobetzea eta herritarren esku jartzea garraio publiko bat, haien nahietara erabili eta haien beharrak asetuko dituena”, amaitu du.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)