Soldatak eta desberdintasuna: soldata-arrakalaren bilakaera euskal gazterian

Argitalpen-data: 

Irudia. Soldata berdintasuna 

Irailak 18, Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Eguna

Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazteen batez besteko hileko soldata garbiaren (aparteko ordainsari hainbanatuekin) bilakaeraren azterketa aurkezten du. Informazio hau gizon eta emakume gazteen arteko soldata ezberdintasunetan zentratzen da, ezberdintasun horrek denboran zehar izan duen bilakaera eta lan merkatuan berdintasun handiagoranzko aurrerapausoak zein neurritan eman diren behatzeko helburuarekin.

Hurrengo grafikoan Euskadiko 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazteen hileko batez besteko soldata garbiaren bilakaera ageri da, 2010. eta 2024. urteen artean, sexuaren arabera bereizita. Lerro etenak erabili dira gizonen eta emakumeen urte bakoitzeko datuak irudikatzeko, eta lerro jarraituak hiru urteko batezbesteko higikor zentratua erakusteko, unean uneko aldaketak leuntzeko eta egiturazko joerak argiago behatzeko aukera ematen duena[1].

                                Grafikoa.18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazteen hileko batez besteko soldata garbiaren bilakaera, sexuaren arabera

Aztertutako aldian, gizonen eta emakumeen soldaten artean alde iraunkorra dagoela ikus daiteke, eta gizonen soldatak sistematikoki handiagoak direla. Arrakala hori egonkor mantendu da aldiaren lehen erdian, eta azken urteetan zertxobait murriztu da, baina erabat desagertu gabe. Soldaten bilakaerak murrizketa fase bat erakusten du 2012 eta 2017 artean, eta ondoren, errekuperazio progresibo bat 2018tik aurrera.

Gizon eta emakume gazteen arteko soldata desberdintasunen azterketan sakontzeko, bereziki baliagarria da batez besteko soldatak bereizita behatzetik zuzenean soldata-arrakalan zentratzera pasatzea, gizonen eta emakumeen batez besteko soldataren arteko diferentzia gisa ulertuta.

                        Grafikoa. 18 eta 34 urte bitarteko emakume eta gizon gazteen arteko soldata arrakalaren bilakaera, eurotan (2010–2024)

Grafikoak 18 eta 34 urte bitarteko gizon eta emakume gazteen arteko soldata-arrakalaren urtez urteko bilakaera erakusten du, eurotan. Marra etenaren gainean markatutako puntuek urteko balioak adierazten dituzte; marra jarraituak, berriz, hiru urteko batezbesteko higikor zentratua islatzen du.

Aldiaren hasieran, soldata-arrakala 300 eurotik gorakoa da, eta 2012an jo zuen goia. Urte horretatik aurrera, beherakada nabarmena izan da, eta 2015ean 200 euroren azpitik geratu da arrakala. Urtetik aurrerako joera orokorra murrizketa da, batez besteko higikorrak baieztatzen duen bezala, eta 2020 eta 2023 artean 150 euro inguruan egonkortu dira balioak. Datu horiek gizon eta emakume gazteen arteko soldata berdintasunean aurrerapausoak eman direla iradokitzen dute, nahiz eta oraindik ere aldeak egoteak desberdintasunak mantentzen dituzten egiturazko faktoreak daudela adierazten duen.

Azken bi urteetan soldata arrakalan gorakada txiki bat izan da. Hala ere, baliteke hori batez besteko soldataren igoeraren ondorio izatea. Hori zehatzago aztertzeko, interesgarria da gizon eta emakume gazteen arteko soldata-arrakala, gizonen batez besteko soldataren ehuneko gisa adierazia.

                        Grafikoa. 18 eta 34 urte bitarteko emakume eta gizon gazteen arteko soldata arrakalaren bilakaera, ehunekotan (2010–2024)

Lerro etenaren gaineko puntuek urte bakoitzeko balioak adierazten dituzte, honela kalkulatuta: gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata diferentzia (eurotan) zati gizonezkoen urte bakoitzeko batez besteko soldata. Lerro jarraituak hiru urteko batezbesteko higikor zentratua adierazten du.

Aldiko lehen urteetan, ehunekoen arteko aldea % 19 baino handiagoa da, eta 2012an iritsi zen punturik altuenera. Une horretatik aurrera, beheranzko joera nabari da, 2021ean arrakala % 11tik behera kokatuz. Azken urteotan geldialdia sumatzen den arren, joera orokorra beheranzkoa da termino erlatiboetan.

Bilakaera honek iradokitzen duenez, gizon eta emakume gazteen artean soldata-ezberdintasunak badirau ere, magnitude erlatiboak behera egin du azken hamarkadan, eta horrek berdintasun-politiketan aurrerapenak egin direla edo lan-egituran aldaketak egon direla adieraz lezake.

Oro har, datu hauek erakusten dutenez, Euskadin gizon eta emakume gazteen arteko soldata-berdintasunean hobekuntzak egon badira ere, desberdintasunak errealitate izaten jarraitzen du. Azken urteetan ikusi den bilakaera positiboa aldaketa zantzutzat hartu behar da, baina baita ekitatea, soldata-gardentasuna eta lan-merkatuan genero-joerak ezabatzea sustatzen duten politika publikoak garatzen jarraitzeko dei gisa ere.

Erabilitako datuak Gazteen Euskal Behatokiak landu ditu, hurrengo iturrietan oinarrituta: Estatistika Institutu Nazionalaren Lan Kostuaren Hiruhileroko Inkestako, Soldaten Egiturari buruzko Inkestako, Soldata Egiturari buruzko Urteroko Inkesta (SEI), Biztanleria Aktiboaren Inkesta, Bizi-baldintzei buruzko Inkesta eta Eustaten Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistika.

Adierazle hauek eta beste asko, denak gazteriarekin zerikusia dutenak, Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiken atarian kontsulta daitezke. Zehazki, analisi honetarako erabilitako adierazleak GEBen weborriko "Estatistikak" atalean daude, honela:

Batez besteko hileko soldata garbia: Lana eta egoera ekonomikoa / Enplegua / Batez besteko hileko soladata garbia, sexuaren, adin-taldeen eta lurralde historikoen arabera

Soldata-arrakala: Emakume eta gizonen arteko berdintasuna – 18 eta 34 urte bitarteko emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala, lurralde historikoen arabera


[1] Batezbesteko higikor hori kalkulatzeko, urte horretako, aurreko urteko eta hurrengo urteko soldaten batez bestekoa hartzen da. Horrek esan nahi du 2010eko batez bestekoa lortzeko 2009ko datua ere erabili dela, eta batez besteko higikorren seriea 2023ra arte luzatzen dela, 2024 kenduta, hurrengo datua ez izateagatik.