Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi Miren Dobaranek eta Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendari Amaya Angulok, Akademiako irakasleekin batera, Deustuko Unibertsitateak antolatutako Enplegu eta Ekintzailetza Foroan parte hartu dute gaur goizean.
Bertan, Akademiak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten profesionalak (Ertzaintza, Udaltzaingoak, Salbamendu eta Su Itzaltze Zerbitzuak, boluntarioak, etab.) prestatzeko eta hobetzeko ardura duen erakunde gisa eskaintzen dituen garapen profesionalerako aukeren berri eman du. Beste enplegu batzuen artean, eskolak irakasle-plazak ditu hainbat arlotan: Zuzenbidea, Soziologia, Psikologia, Gorputz Hezkuntza, Informatika, Medikuntza, Ingeniaritza, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Erizaintza, Pedagogia... Horiez gain, izaera administratiboagoko plazak ere badaude lege-, kontratazio-, giza baliabide- eta obra-arloetarako, eta abarretarako.
Ekimen honen bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gizartearekiko eta talentua erakartzearekiko duen konpromisoa indartu nahi du, bere funtzioen ezagutza eta segurtasunaren eta larrialdien eremu publikoan garapen profesionalerako aukerak sustatuz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)