Lekeitioko Lagunkoi taldeak eta hainbat herritarrek Plaza Beltza eta Kontzejupea txukundu dituzte apirilaren 11, 12, 25 eta 26an egindako auzolan jardueretan. Lehen astean Kontzejupeko hormak konpondu eta margotu zituzten, eta bigarrenean Plaza Beltzeko eraikina eta jesarlekuak txukundu, margotu eta apaintzea izan zuten helburu.
Barikuan, goizez eta arratsaldez aritu ziren lanean, 10 boluntario eta 2 umek parte hartuta. Eguraldi lagun, Lagunkoi taldearen logoa eta kartelak margotu zituzten eraikinaren bi aldeetan. Zapatuan, euria izan arren, lanean jarraitu zuten eta 12:30ean inaugurazio ekitaldia egin zuten: musika, txokolatea eta umeentzako margotzeko espazioa ez ziren falta izan. 60 bat haur eta haien gurasoek parte hartu zuten, giro alaian.
Ekintza hau Lagunkoi taldeak antolatu zuen, Auzolaneko boluntario, Lekitto Bedarra, Abaroa Auzolan, Denbora Bankuko eta “Bixi bixi” taldekoen laguntzarekin.
Hemendik aurrera, horma hau herriko artista txikientzako margotzeko gune bilakatuko dute, eta hilean behin berriro margotuko dute.
Plaza Beltzak beste itxura bat hartu du: koloretsuagoa, parte-hartzaileagoa eta bizigarria.