-
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak planaren komunitate dimentsioa azpimarratu du 2025eko Berrikuntza Gidaren aurkezpenean.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Bilboko Bat Torrean egin den 2025 urteko Berrikuntza Gidaren aurkezpen ekitaldian hartu du parte. Gida hori Estrategia Empresarial-ek argitaratzen du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Argitalpen honen hemeretzigarren edizioa "Gidatzen duten itsasargiak eta argitzen duten gidak" lelopean argitaratu da.
Roberto Urkitza Enpresa Estrategiako kontseilari delegatuak aurkeztu du aurtengo Berrikuntzaren Gida. Urkitzak adierazi duenez, Gidak "itsasargi txiki batr izna nahi du, hainbat ekimenen berri ematen duena: Industria Plana eta bere proiektu eraldatzaileak, Eraldatuz 2030 inbertsio-plana, ZTBPren eguneratzea edo Berrikuntzaren Itsasargiak , eta enpresa-sareak aktibatu dituenak”.
Bere hitzaldian, Pérez Iglesias sailburuak 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana (ZTBP) eguneratzeko ildo nagusiak aurkeztu ditu, eta azpimarratu du inflexio-puntu bat markatzen duela haren kontzepzioan eta irismenean. Planak, nabarmendu duenez, “narratiba eta marko kontzeptual desberdinak hartzen ditu, martxan dauden trantsizioei erantzun anbiziotsuak, integratuak eta eraginkorrak emateko”.
Hala, ekarpenen fasean dagoen ZTBP eguneratuak bere estrategiaren erdigunean kokatzen du gure gizartea birdefinitzen ari diren hiru trantsizio handiei emandako erantzuna: alegia, trantsizio teknologiko-digitalari; energetiko-klimatikoari; eta osasungintza eta soziodemografikoari. Beraz, eguneratutako planak trantsizio horiek berrikuntza-politiken muin bihurtzen ditu, gaitasun zientifikoak, teknologikoak eta prestakuntzakoak gizarteak dituen erronkekin lerrokatuz.
Bederatzi Berrikuntza Itsasargi
Horretarako, plana bederatzi Berrikuntza Itsasargiren bidez egituratzen da, sistemaren gaitasunak — ezagutzaren sorrera, pertsonen prestakuntza — berrikuntza-politiken azken hartzaileekin lotzen dituzten estrategia egituratzailetzat hartuta, batez ere industria-sektoreekin, osasun-sistemarekin, hirugarren sektorearekin eta beste batzuekin. Itsasargi horiek, trantsizio bakoitzeko hiru, aukera ematen dute ekintza publikoa arazoen ebazpen zehatzera bideratzeko, sistema osoaren koherentzia indartuz.
Planaren eguneratzeak, gainera, berariaz jasotzen du komunitate dimentsioa berrikuntza-politiken funtsezko elementu gisa. Sailburuaren hitzetan, "ikuspegi horrek onartzen du aurrerapen zientifiko eta teknologikoa ez dela hutsune sozial batean gertatzen, eta, haren onurak gizarte osora iris daitezen, herritarren itxaropen, balioei eta beharrei erantzun behar diela".
Pérez Iglesiasek gogorarazi du ikuspegi horrek bat egiten duela Europako politiken bilakaerarekin, hala nola X. Esparru Programaren II. ardatzarekin. Ardatz horrek ere erronka sozial handien konponketan jartzen baitu indarra: inklusioa, justizia soziala, berdintasuna, edo demokrazia eta haren balioak indartzean. Ildo horretan, zehaztu du ZTBPren azken helburua "aurrerapen inklusibo baterantz aurrera egitea dela, non berrikuntzaren onurak ez diren hazkunde ekonomiko edo teknologikora mugatzen, baizik eta gizarte osoa lortzea eta gizarte- eta komunitate-kohesioa indartzea".
Azkenik, sailburuak adierazi du ZTBP eguneratua sailen arteko konpromiso sendo batean oinarritzen dela. Bere ustez, "Jaurlaritzako hainbat arlo batera inplikatu dira diseinuan eta komunikazioan, eta horrek agerian uzten du zientzia, teknologia eta berrikuntza herrialdearen lehentasuna direla eta ekintza koordinatua behar dutela".
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)