Pérez Iglesias: "Zientziaren piramidea bere osotasunean indartzeko balio izan dute 2025ean abian jarri ditugun ekintzek"

Argitalpen-data: 

Pérez Iglesias sailburua Zientzia Euskadin Txostenaren aurkezpen ekitaldian.
  • Jarduerek lehentasuna ematen diete kalitate zientifikoari, nazioartekotzeari eta, modu aitzindarian, ongizate psikologikoari eta genero-berdintasunari.

  • Sailaren inbertsio estrategikoa 210 milioi eurotik gorakoa izan da 2025ean.

Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 23an onartutako eta urtarrilaren 10eko EHAAn argitaratutako 494/2024 Dekretuak zientziarako etapa berri baten oinarriak ezarri zituen Euskadin. Dekretu horrek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen, ikuspegi argi batekin: sistema zientifiko bikaina, kolaboratiboa eta ikertzaileetan oinarritua bultzatzea.

Hamabi hilabete hauetan, Sailak, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak zuzenduta, euskal sistema zientifikoa ikuspegi integral, iraunkor eta nazioarteko proiekziodun batetik indartzeko neurri multzo zabal bat jarri du abian, 210 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.

Pérez Iglesias sailburuaren hitzetan, "2025ean abian jarri ditugun ekintzek  balio izan dute zientziaren piramidea bere osotasunean indartzeko, hasi ikertzaileen prestakuntzatik eta unibertsitateko ikerketa-taldeentzako programatik, oinarrian, eta bikaintasuneko eta ikerketa kooperatiboko zentroentzako laguntzetaraino, arlo estrategikoetan, haren erpinean".

Ikuspegi integral horrekin koherente izanik, Sailak ikerketaren atea zabaldu du oinarritik, eta unibertsitateko ikasleei aukera eman die Euskal Ikerketa Sistemaren barruko proiektu errealetan parte hartzeko.

Ikasiker programak, 330.000 euroko zuzkidura du, eta 190 beka eskaini ditu ikasleak Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeetan sar daitezen, BERCetan, CICetan, Ikerketa Sanitarioko Institutuetan, eta, BRTA partzuergoari atxikitako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentro teknologikoetan, eta, horrela, oinarrizko zientzian eta zientzia aplikatuan bere bideari ekin diezaioten.

Talentuari eta nazioarteko mugikortasunari  bultzada

Doktore ez diren (predoc) eta doktore diren (postdoc) ikertzaileak prestatzea beste lehentasun bat da. 19 milioi euro bideratu dira doktoratu aurreko eta ondoko laguntza programetara, hau da, aurreko urtean baino ia % 14 gehiago, eta 525 kontratu finantzatzea ahalbidetu du: 414 doktoratu aurrekoak eta 111 doktoratu ondokoak.

Laguntza horien bidez, Sailak indartu egin du ibilbide profesional sendoa, nazioartekoa eta ikertzaileentzako itzulera-bokazioa duena garatzeko konpromisoa. Horrela, edizio honetan soldata-hobekuntza garrantzitsuak egin dira, eta nabarmentzekoa da aurrekontuaren %35eko hazkundea doktoratu osteko programan, itzuleraren ondoren kontratuen iraupena luzatzera eta soldata-baldintzak hobetzera bideratuta.

Deialdi horien oinarri berrien arabera, ikertzaile guztiek % 2,5eko soldata-igoera izango dute. Errefortzua handiagoa da doktoratu aurreko ibilbidearen hasierako fasean dauden langileentzat, % 4ko igo baita lehenengo eta bigarren urteetan, eta % 2,5ekoa kontratuko hirugarren eta laugarren urteetan.

Era berean, Egonlabur eta Ikermugikortasuna nazioarteko mugikortasun-programek 665.000 euroko zuzkidura dute, eta egonaldiak eskaintzen dituzte nazioarteko erreferentziazko zentroetan, ezagutza trukatzea sustatuz eta Euskadiren gaitasun zientifikoak eta teknologikoak indartuz.

Oinarri zientifikoa indartzea

Aldi berean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sistema zientifikoaren oinarria indartu du, unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei zuzendutako 2026-2029 aldirako programaren bidez. Programa honek 50 milioi euroko aurrekontua du, aurreko deialdian baino % 20 gehiago.

Inbertsio horri esker, 250 talde ingururi eta 4.000 ikertzaileri baino gehiagori lagunduko zaie, eta ekoizpen zientifikoaren kalitateari eta inpaktuari lehentasuna emango zaie, bolumenaren gainetik. Deialdiak, gainera, oreka- eta ekitate-helburuak jasotzen ditu, eta helburua da taldeen % 42an emakumeak buru izatea.

Goi-mailako espezializazioa eta bikaintasun zientifikoa

Era berean, Pérez Iglesias buru duen Sailak bikaintasun zientifikoa indartu du urte, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroetarako (CIC) eta Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetarako (BERC) 140milioi eurorekin 2026-2029 aldirako, aurreko laurtekoan baino 20 milioi euro gehiago. Zentro horiek arlo estrategikoetako espezializazioa eta maila zientifiko handia batzen dituzte, eta piramide zientifikoaren erpina osatzen dute.

Guztizko zuzkiduratik, 80 milioi CICei esleitu zaizkie, ikerketa aplikatuan duten lidergoa eta eragin teknologikoa sendotzeko; 60 milioi, berriz, BERCei, mugan dagoen ikerketa zientifikoaren iraunkortasuna eta lehiakortasuna eta haren eragina bermatzeko.

Ongizatea, berdintasuna eta sinplifikazio administratiboa

Jarduera horien guztien zehar-lerro gisa, Sailak irizpide berritzaileak txertatu ditu bere programetan, ikerketa-jarduera garatzeko baldintzak hobetzera bideratuak. Lehen aldiz, berariaz baloratu da ikerketa-zentroetan ongizate psikologikoko planak egotea, lan-ingurune osasungarriak bermatzeko helburuarekin. Eta ikerketa-taldeetan ere emakumeen lidergoa sustatu da.

Halaber, sinplifikazio administratiboan aurrera egin da, konfiantzan oinarritutako eredu baten bidez, karga burokratikoak murriztuz. Horren adibide da doktoratu ondoko kontratuetan mugikortasunaren finantzazioa zuzenean txertatzea, ikertzaileentzako izapide gehigarriak ezabatuz.

Azpiegitura zientifikoak erostea

Bestalde, Sailak azpiegituren eta ekipamendu zientifiko aurreratuaren erosketa bultzatu du INKER programaren bidez. Programa horrek 4 milioi euro izango ditu 2026ko ekitaldian eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten eragileen ekipamendu zientifikoa berritzea eta hobetzea sustatzen du.

Inbertsio horri esker, euskal sistema zientifikoak goi-mailako azpiegiturak eta ikerketa-ekipamenduak izango ditu, funtsezkoak lehiakortasuna, bikaintasuna eta lankidetza zientifikoa indartzeko.

Deialdiak 100.000 eta 1.000.000 euro bitarteko kostua duten ekipamendu zientifikoak erosteko laguntzak aurreikusten ditu, BEZik gabe, Sarean egiaztatutako erakundeei zuzenduta, BERC, CIC eta unibertsitateko ikerketa-egitura jakin batzuen kategorietan.

Ikerkuntzako Euskadi Saria

Aurten martxan jarritako ekimen guztiak ixteko, Sailak 2025eko Ikerkuntzako Euskadi Sariaren deialdia egin du abendu honetan, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean, Euskadin arlo horretan egiten den jarduera zientifikoa sustatzeko eta aitortzeko asmoz.

Sari hau jarduera zientifikoa bultzatzeko urtero deitzen den saria da. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko edo hortik kanpoko ikertzaileen eta talde kualifikatuen ahaleginak sustatu eta aitortu nahi ditu, haien lanak Euskadin eragin positiboa izan badu.

Lehiaketa honek bi urtean behingo txandakatze bat du, honela ezarria: urte bikoitietan, Zientzia eta Teknologia da gai nagusia; eta urte bakoitietan -2025ean, adibidez- Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)