Parte-hartze handia Euskadi Lagunkoia Berria sarearen Bizkaiko Lurralde Batzordean

Argitalpen-data: 

Gaur, urriaren 23an, Euskadi Lagunkoia Berria sareari atxikitako 80 lagunetik gora bildu dira Bizkaiko Lurralde Batzordean, Bilboko Euskalduna Jauregian egin den topaketan. Jardunaldiak agerian utzi du Bizkaiko udalerriek duten konpromisoa eta inplikazioa lagunkoitasunarekin eta auzolanaren kulturarekin.

Saioa Itziar de la Peña Laustaletek ireki du, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapenerako eta Ekintza Komunitariorako zuzendariak. De la Peñak Euskadi Lagunkoia Berria proiektuaren ikuspegi orokorra azaldu du, ingurune inklusiboagoak eta kohesionatuagoak sustatzeko tresna gisa. Bere hitzetan, belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa da, eta Euskadi Lagunkoia Berria gizarte-aldaketarako motorra dela nabarmendu du:

“Euskadi Lagunkoia Berriak laguntzen digu bizi garen inguruneak hobetzen eta belaunaldien arteko loturak sendotzen. Gizarte inklusibo bat eraiki nahi dugu, non pertsona guztiok kontuan hartuak eta baloratuak sentitzen garen. Zaintza guztion ardura da, eta boluntariotza da ideiak ekintzatan bihurtzen dituena. Euskadi Lagunkoia Berria tresna da; zuek, ordea, bultzada.”

Ondoren, Naiara Artaza, Bizkaiko Foru Aldundiko Longebitate eta Erronka Demografikoko zuzendari nagusiak, adierazi du beharrezkoa dela adinekoen beharrak sakonago ezagutzea, eta ikerketa, politika publikoak eta eragileen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea. Halaber, azaldu du Aldundiak hainbat jardun-ildo garatzen jarraituko duela, besteak beste Nagusi Intelligence Center-aren zuzendaritza bere gain hartzea, luzaroko bizi-itxaropenaren behatoki bat garatzea eta Adin guztientzako Bizkaia Lagunkoia programa bultzatzea.
Era berean, baieztatu du OMErekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estua mantenduko dutela, eta iragarri du lagunkoitasuna sustatzeko diru-laguntzen deialdi berri bat.

Bestalde, Manuel Merino, Bizkaiko Adinekoen Kontseiluko ordezkariak, gogorarazi du herritarren eta komunitatearen rolaren garrantzia eraldaketa-prozesu honetan. Euskadi Lagunkoia Berria eta Talde Eragilea/Lantalde 1 artean dagoen giro ona eta lankidetza espiritua azpimarratu ondoren, Kontseiluak lagunkoitasun-proiektua bultzatzeko konpromisoa areagotzeko asmoa azaldu du.

Era berean, Topaketa bat egingo dela iragarri du, Bizkaiko udal guztiei irekia, eta 2026ko otsailaren 23an egingo dena Euskalduna Jauregian, Diputatu Nagusiaren parte-hartzearekinTopaketaren helburua izango da foru-erakundearen apustua agerian jartzea lagunkoitasunaren eta adineko pertsonen alde, udal berriak proiektura biltzera bultzatzea, adinekoen elkarte-sarea inplikatzea, eta Talde Eragile sendo batetik elkarlaguntza-sarea sustatzea.

Saioan zehar, Elena del Barriok aurkeztu du Andrea Pozo, Bizkaia Lagunkoia-ko udalerrien arduradun berria. Pozok azaldu du jardunaldiaren egitura: lagunkoitasun-materialen aurkezpena, udalerrien arteko esperientzien trukea, eta, atsedenaldiaren ondoren, OMEren Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko III. Kongresuari buruzko saioa. Bertan, talde eragileek euren ekarpenak egiteko aukera izan dute.

Ondoren, Andrea Pozok urte amaierara arteko egutegia aurkeztu du. Bertan aipatu ditu, besteak beste, denda lagunkoiei buruzko prestakuntza ikastaroa, etxebizitza lagunkoiei buruzko gida berriaren argitalpena, eta Lagunkoitasunari eta Etxebizitzaren Erronkari buruzko IX. Jardunaldia, non infografia berriak aurkeztuko diren, etorkizunean kaleratuko den dokumentu zabalago baten oinarri izango direnak.

Jarraian, parte-hartzaileek talde txikietan lan egin dute, euren udalerrietan garatzen ari diren ekimenak partekatzeko. Hitz egin da elkarteen lana, boluntariotza, cohousing eredua, udalekin eta beste eragile sozialekin lankidetza eta beste hainbat gairi buruz. Tokian tokiko errealitateak oso ezberdinak dira, eta lurralde bakoitzaren berezitasunek aberastasuna ematen dute; horrek, aldi berean, praktika onak partekatu eta errepikatzeko aukera eskaintzen du. Jardunaldiaren une nabarmenetako bat izan da auzolana, hau da, komunitatearen lankidetza, eta azpimarratu da boluntariotza dela udalerrietan lagunkoitasun-proiektuak aurrera eramateko oinarri nagusia.

Halaber, iragarri da Lagunkoitasuneko Praktika Onen Jardunaldia, datorren azaroaren 12an Gasteizen egingo dena. Topaketa honek esperientziak, ikaskuntzak eta proiektu inspiratzaileak partekatzeko gune izango da.

Azkenik, Diana Pedrazek, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailako teknikariak, aurkeztu du Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko III. Kongresua, 2026ko ekainaren 16tik 18ra Donostian egingo dena. Ekitaldia IMSERSOk antolatuko du, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren lankidetzarekin, eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) babespean. Nazioarteko topaketa honek erreferentziazko hitzordu izateko bokazioa du, eta parte-hartzaileek foro global horretan jorratuko diren gaiak aztertzeko eta hausnartzeko aukera izan dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei gonbidapena luzatu zaie prozesu partekatu honetan aktiboki parte har dezaten.