- 2.200 m2-tik gorako azalera izango du, hots, egungo osasun-zentroak duenaren bikoitza, eta 6.600.000 eurotik gorako inbertsioa izango du
- Etorkizuneko zentroa funtzionalagoa izango da, egungo asistentzia-premietara egokituta egongo da, eta obrak datorren urtearen hasieran hasiko dira, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagarekin batera, herriko osasun-zentro berria eraikiko den partzela bisitatu du. Kalebarren plazan kokatuko da, hots, udalerrian erreferentziazkoa, erabiltzaileentzat irisgarria eta hirigune historikoko gune nagusietako bat den espazio batean, 400 m2 inguruko partzela batean. Bertan, Elgoibarko hiru kalerik garrantzitsuenak elkartzen dira: San Frantzisko kalea, Errosario kalea eta San Bartolome kalea. Gaur egun, partzela 70eko hamarkadan eraikitako azokaren eraikinak okupatzen du.
Etorkizuneko zentroa funtzionalagoa izango da, egungo asistentzia-premietara egokituta egongo da, eta arreta hurbilagoa, kalitatekoa eta Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren pertsonentzat (18.000 pertsona inguru) irisgarria eskainiko du. Elgoibarko osasun-zentro berriak 2.200 metro koadroko azalera eraikia izango du, eta egungoaren neurriak bikoiztuko ditu (egungoak 960 metro koadro erabilgarri ditu).
Sailburuak adierazi duenez, ‘orain proiektua idazteko prozesuan sartuta gaude, eta obrak datorren urtearen hasieran hasiko dira, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 6.600.000 eurotik gorako aurrekontuarekin’. Martínezek osasun-zentro berriaren azalera handia nabarmendu du. Izan ere, ‘egungoaren bikoitza da, sei solairu eta bi mila metro koadro baino gehiago baititu’, eta zonaldeko lehen mailako arreta indartzera zuzenduta dago.
Zentro berria uholde-eremu batean dagoenez gero, gaur egun Osakidetza, URA, Elgoibarko Udala eta proiektua idazteko talde esleipenduna lanean ari dira soluziorik onena zehaztu ahal izan dadin eta eraikinaren eraikuntza-soluzioa zehazteko eta instalazioak egikaritzeko lanei ekin dakien.
Zerbitzu-zorroa handitzea
Bloke berriak 2.200 m2 inguru izango ditu, sestra azpiko bi solairutan eta sestra gaineko 4 solairutan banatuta. Honako hauek izango ditu: administrazio-eremua, familiako medikuntzako eta pediatriako eremua, emakumeentzako arreta-eremua, fisioterapiarako gunea eta Osakidetzako langileentzako eremua.
Halaber, 26 mediku- eta erizaintza-kontsulta inguru, sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdi-gelak, edoskitze-gela, erditzea prestatzeko gela eta fisioterapia-gela izango ditu.
Eraikina hiri-bilbean integratzeko, inguruaren berezko eraikuntza-ezaugarri berezietara egokitu beharko da, eskalari eta materialei dagokienez zein ondoko eraikinekiko, hiri-bilbearekiko eta abarrekiko erlazioari dagokionez.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)