Osasun Sailak Euskadiko 2026ko txertoen egutegia eguneratu du, helduena zein haurrena, Euskadiko herritarren immunitatea indartzen jarraitzeko

Argitalpen-data: 

Osakidetza_vacunacion.jpg
  • Datorren urtean txertoetan egingo den inbertsioa % 5 handituko da, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak ebidentzia zientifikoan oinarrituta egiten dituen gomendioak berriro ere kontuan izanik
  • Helduen artean berritasun nagusia da arrisku-taldeentzat arnas birus sintzitialaren aurkako txertoa barne hartzea
  • Nerabeen artean, tetanos-difteriaren aurkako txertoaren ordez, kukutxeztula ere barne hartzen duen txerto konbinatua jarriko da 16 urterekin
  • Beste eguneratze bat izango da C meningokokoaren aurkako txertoaren ordez tetrabalentea jartzea, 4-12 hilabeteko dosian

Bizitza osoan zeharreko txertaketen egutegia etengabe berrikusten ari da, azken ebidentzia zientifikoen arabera eta erakunde teknikoen gomendioen arabera eguneratze aldera. Horrela, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen gomendioak aintzat hartuta, Osasun Sailak aurten ere aldaketa batzuk egin ditu 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegian, bai helduen txertoetan, bai haurren txertoetan.

Osasun Publikoa prebentziotik eta sustapenetik indartzea da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasunetako bat, eta 2026rako 85 milioi euro jarriko ditu horretarako.

Zehazki, datorren urtean txertoetan egingo den inbertsioa % 5 handituko da, 29,5 milioi euroko partidarekin, eta horiei gripearen txertoak erosteko beste 5 milioi gehitu behar zaizkie.

Ildo horretan, Alberto Martínezek zuzentzen duen Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egindako aldaketen eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko irizpideen berri eman die Osakidetzako, osasun-elkargo profesionaletako eta Euskadiko osasun-zentro pribatuen sareko profesionalei

HELDUAK

2026rako helduen txertaketa-egutegiaren berritasun nagusia da arnas birus sintzitialaren aurkako txertoa barne hartzea, honako arrisku-talde hauetarako:

  • Birika-transplantea egin zaien pertsonak, transplantea egin zenetik igarotako denbora edozein izanik ere.
  • Azken bi urteetan zelula ama hematopoietikoen (TPH) edo CAR-Ten transplantea jaso duten pertsonak, tratamendutik edo transplantetik 6 hilabetera.

Zoster herpesaren aurkako txertaketa gomendatzen da osasun-baldintzengatik gaixotasuna garatzeko arrisku handiena duten taldeentzat. 65, 66 eta 75 urteko pertsonei txertaketa oportunista egitea ere gomendatzen da (pazientearen edozein kontsulta baliatuta). Era berean, aurretik hasi duten eta oraindik bigarren txertoa hartzeke duten pertsonen txertaketa-jarraibideak bi dosirekin osatzea gomendatzen da.

Azkenik, pneumokokoaren aurkako txertaketa oportunista gomendatzen da 65 urte edo gehiagoko helduentzat, VCN20ren bidez —hogei bat serotipo desberdin biltzen ditu—.

HAURREN TXERTAKETA-EGUTEGIA

Haurren egutegian bi eguneratze sartu dira 2026an:

Batetik, 16 urterekin jartzen den tetanos-difteriaren aurkako txertoaren ordez, kukutxeztula ere barne hartzen duen txerto konbinatua (tetanos-difteria-kukutxeztula) jarriko da, eta, hartara, kukutxeztularen aurkako errefortzua handituko da, 2024an ikusitako gorakadaren ondoren.  

Era berean, C meningokokoaren aurkako txertoaren ordez, A, C, W-135 eta Y meningokokoaren aurkakoa txerto zabalagoa, tetrabalentea, jarriko da, 4 eta 12 hilabeteko adinari dagozkion dosietan.

2026ko helduen txertaketa-egutegia 

2026ko haurren txertaketa-egutegia

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)