Osasun Saila kezkatuta agertu da EHU-k murriztu egin duelako 2025-2026 ikasturterako aurreikusitako medikuntza euskaraz ikasteko plaza berrien eskaintza

Argitalpen-data: 


      Estudiantes_Medicina_EHU.jpg
  • Euskal Herriko Unibertsitateko aurreko errektoretza taldearekin lortutako konpromisoa euskaraz 40 plaza gehiago eskaintzea zen, baina, azkenean, 16 baino ez dira eskainiko: % 60 gutxiago, alegia
  • Osasun Sailaren iritziz, konpromiso hori ez betetzeak gure osasun-sistemaren harrobia den fakultate baten hezkuntza-eskaintzaren kalitatea murriztea dakar
  • Osasun Sailak ez du ulertzen plaza-murrizketa, hasierako proposamena beharrezkoa, legezkoa eta egingarria ez ezik, betebehar morala delako euskal unibertsitate publikoa bezalako erakunde batentzat

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila oso kezkatuta agertu da Euskal Herriko Unibertsitateak 2025/2006 ikasturterako aurreikusitako euskarazko medikuntzako ikasleen plaza berrien kopurua nabarmen murrizteko hartutako erabakiaren aurrean.

Gaur argitaratutako prentsa-ohar baten bidez gogorarazi duenez, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek zuzentzen duen Sailak akordio bat lortu zuen iaz aurreko errektoretza-taldearekin, Medikuntza Fakultateko ikasleen eskaintza 40 plazatan handitzeko 2025-2026 ikasturteari begira, euskal osasun-sistema indartzen laguntzeko; hori baita Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusietako bat.

Azkenean, ordea, hitzartutako igoera hori EHUk alde bakarrez murriztu du; hala, adostutako 40 plaza berrien ordez 16 baino ez dira eskainiko, hau da, % 60 gutxiago, beharrezko plazak baina ez nahikoak.

Osasun Saila kezkatuta dago, bere iritziz, konpromiso hori ez betetzeak gure osasun-sistemaren harrobia den fakultate baten hezkuntza-eskaintzaren kalitatea murriztea dakar, eta konpromiso hori funtsezkoa da euskal herritarrei osasun-arreta ematen dieten pertsonen bikaintasun profesionala eta giza bikaintasuna bermatzeko.

Osasun Sailak ez du ulertzen egungo errektoretza-taldeak aldez aurretik adostutako plaza-kopurua murrizteko hartutako erabakia. "40 plazako proposamena, biztanleriaren beharrizanen eta EHUren benetako aukeren azterketan oinarritua, beharrezkoa da, medikuntzako profesionalik ez dagoelako; legezkoa da, lanpostuen % 15eko igoera gainditzen ez duelako; eta egingarria da, Ministerioaren finantziazioa izanik". "Baina, gainera, betebehar morala da euskal unibertsitate publikoa bezalako erakunde batentzat, bere izaeragatik funtzio soziala betetzen baitu". 

40 plaza eskaintzeko hasierako akordioa izan zen legegintzaldi hau hasi bezain laster sailburua bera buru zuen Osasun Sailaren ordezkaritza batek EHUra egin zuen lehen bisitaren emaitzetako bat. Bisita horretan ordezkaritza erakundeko eta bertako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko arduradun nagusiekin bildu zen. Aipatutako akordioaren bidez, Medikuntzan 400 plaza eskaintzea lortu nahi ziren EHUn, eta Euskadiko bi hizkuntza ofizialen artean oreka handiagoa lortu, gaur egun gaztelaniaz 200 plaza eta euskaraz 168 eskaintzen baitira.

Alberto Martinezek zuzentzen duen Sailak, lehenengo minututik, bi erakundeen arteko lankidetza areagotzeko apustua egin zuen. Hala, urrats sendoak eman zituen funtsezkoak ziren beste gai batzuetan, hala nola Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berrian, —Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan—, edo Arabako eta Gipuzkoako campusetan eta Bilboko Odontologia Klinikan behar diren irakaskuntza-azpiegitura berrietan.

Funtsezko beste gai batzuetan ere bai, hala nola egungo prestakuntza-eskaintzan; ikasle- eta irakasle-plazen beharretan; EHUk eta Osasun Sailak, institutu biosanitarioen bidez eta Osakidetzako ospitale publikoen sarearekin elkarlanean, diharduten ikerketa-esparruaren egoeran; edo esparru sanitarioaren eta sozialaren arteko loturan sakontzeko jardueretan, besteak beste.

Gaur egun, Osasun Sailak eta EHUk lankidetza-hitzarmen bat sinatuta dute Familia eta Komunitateko Medikuntzako Gela mantentzeko. Gela hori 2018an sortu zen, eta, bertan, irakaskuntzaren, ikerketaren eta emaitzen eraldaketaren arloko jarduketak garatzen dira, osasun publikoaren lehen mailako arretarekin eta arreta komunitarioarekin lotutako gai espezifikoetan. Esparru hori indartzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasunezko helburu estrategikoetako bat.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)