- Eskualdeen Europako Batzordearen txostenak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako programaren parte-hartze eta estaldura handia azpimarratzen du; izan ere, proba-kita etxeetara bidaltzea eta Lehen Mailako Arretako osasun-zentroen inplikazioa izan dira arrakastaren gakoak
- Euskadik, batez beste, 50 eta 74 urte bitarteko 350.000 pertsona gonbidatzen ditu baheketa horretara urtero, eta partaidetza % 73koa da, Estatuko eta Europar Batasun osoko handienetako bat
- 2009an hasi zenetik 2024ra arte (urte hori barne) baheketak 4.486 tumore gaizto detektatzea ahalbidetu du Euskadin, % 70 hasierako estadioetan, eta horrek, aldi berean, parte-hartzaileen % 95en biziraupena ekarri du bost urtera
Osakidetzako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa Jardunbide onena izendatua izan da minbizia prebenitzeko eta detektatzeko politiketan, Eskualdeen Europako Batzordeko adituek egindako txosten batean. Txosten honek EB osoko intzidentziaren eta hilkortasunaren bilakaera aztertzen du, eta guztira hogeita hamar ekintza berritzaile aipatzen ditu, eremu horretan Jardunbide onentzat jotzen dituen eskualdeetako agintariek ezarriak, besteak beste, Euskadiko kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa.
Eskualdeen Europako Batzordearen txostenak euskal baheketaren parte-hartze eta estaldura handia azpimarratzen du, eta nabarmentzen du lehen 5 urteetan kasuen intzidentzia handia antzeman zuela, baina, hala ere, behera egin zuela programa finkatu ahala. Txostenaren arabera, hainbat dira euskal programaren eraginkortasuna eta irismena azaltzen duten gakoak. Alde batetik, proba egiteko kitak etxera bidaltzea. Horrekin batera, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroen erabateko inplikazioa, ezinbestekoa baita bestela parte hartuko ez zuketen herritarrengana iristeko. Eta, era berean, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak langile espezializatuen bidez baheketari dagokion guztiaren koordinazio nagusia.
Gogoan izan behar da Euskadi aitzindaria izan zela 2009an programa hori abian jartzen, eta 2013an 50-69 urte bitarteko euskal biztanle guztiengana iristea lortu zuela, helburu hori lortu zuen lehen autonomia-erkidegoa. Gainera, 2024tik 74 urte arteko pertsonek parte hartzeko aukera dute. Horrela, gaur egun, Euskadin, batez beste, 50 eta 74 urte bitarteko 350.000 pertsona gonbidatzen dira urtero, haietatik % 73k parte hartzen dute programan (Estatuko eta Europar Batasuneko parte-hartze handienetakoa) eta baheketa-proba positiboa izanez gero egiten diren kolonoskopien % 91k parte hartzen dute. Hain zuzen ere, iaz baheketa 70 eta 74 urte arteko tartera hedatu izanak berebiziko garrantzia izan du partaidetza-tasaren igoera lortzeko, eta, gainera, baheketa lehen egiten ez zuten 50.000 herritarrengana zabaldu da programa.
2009 eta 2024 bitartean, Osakidetzako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketak 4.486 tumore gaizto detektatzea ahalbidetu du, % 70 hasierako estadioetan, eta horrek parte-hartzaileen % 95eko biziraupena ekarri du bost urtera. Urtero detektatzen diren kasuen kopurua gizonena emakumeena baino ia bi aldiz handiagoa bada ere, emakumeen partaidetza % 73koa da, eta gizonena, berriz, % 68koa. Hori dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak programan oraindik sartu ez diren pertsona guztiek parte hartzeko deia egin dute, horrek beren osasunerako eta oraingo eta etorkizuneko bizi-kalitaterako duen garrantziagatik.
Joan den urrian, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek 2025-2030 aldirako Euskadiko Plan Onkologiko Integrala aurkeztu zuen. Plan horren helburua, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, minbizia duten pertsonen biziraupen-tasa hobetzea eta gaixotasun hori duten pazienteen eta biziraun dutenen bizi-kalitatea hobetzea da, hain zuzen ere. Hori lortzeko, Planak honako hauek lehenesten ditu: minbiziari etapa guztietan modu integral eta integratuan heltzea, prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean aurrera egitea, baliabideetarako sarbide unibertsala, bidezkoa eta humanizatua, arreta pertsonalizatua, eta tratamendu aurreratuak eta berritzaileak.
Plan honetan jasotako 142 ekintzetako askok pazienteen eskaerei erantzuten diete, eta pazienteek modu aktiboan parte hartu dute dokumentu hau egiten, Euskadiko Osasun Itunaren barruan hasieratik egin duten bezala. Akordio horren 24 ildo estrategikoetako bat, hain zuzen ere, Onkologiari eskainitakoa da, sarbidearekiko eta emaitzekiko ekitatean, minbiziari buruzko ikerketa eta berrikuntza bultzatzean, eta asistentzia-mailen arteko koordinazioan oinarritua.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)