- Supertxapeldunak proiektuaren helburu nagusia haurrei osatze-prozesuetan laguntzea da; horren harira, pediatriako guneak apaindu dituzte, mantal zuri-gorriak, adur-zapiak, eskumuturrekoak, pegatinak nahiz diplomak egin dira eta zenbait jarduera antolatu dira, hala nola korridoreko futbola eta irakurketa-klubak
- Proiektu honetako elementuen diseinu berriaren aurkezpen-ekitaldia egin da gaur, ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzuan, eta irudi nagusia berritu da Athletic Clubari esker
- Horrelako ekimenen bidez, Osakidetzak berretsi du pertsonak erdigunean jartzen dituen osasun-eredu baterantz aurrera egiteko duen konpromisoa, osasun-arreta jasotzen dutenen gogobetetze-maila hobetu nahian
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Athletic Club Fundazioak Supertxapeldunak proiektua aurkeztu dute ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzuaren instalazio berrietan, non sormen-proposamena estreinatu baita, haurrei eskainitako ospitaleko guneen humanizazioa indartzeko asmoz.
Bi entitateek 2015etik duten etengabeko lankidetzaren barruan kokatzen da ekimena, eta helburua da txikienen ospitaleko egonaldia hobetzea une oso delikatuetan. Izan ere, hamar urteko ibilbidea bete da jada eta, UEFA Foundation for Children fundazioaren laguntzari esker, fundazioak proiektu hau birdiseinatu du eta ekimen honen osagaien narratiba berritu du.
Helburuak bere horretan jarraitzen du: haurren ospitaleko egonaldia ahalik eta atseginena eta positiboena izatea etapa guztietan —hau da, asistentzian, tratamenduan, ospitalizazioan eta osatzeko prozesuan—, eta horietan guztietan gehitzea Athletic Cluben balioak.
Pediatriako Larrialdi Zerbitzua: balioz jositako ingurune atseginagoa izatea
Urtero 55.000 haur inguru artatzen dira Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzuan. Esku-hartze horren helburua da larrialdietara egindako bisitetan egon ohi diren beldurra eta antsietatea murriztea eta atseginagoa eta emozionalki seguruagoa den ingurunea sortzea.
Pediatriako Larrialdi Zerbitzuaren irudi berria islatu da binilo koloretsuak jarriz hormetan, itxarongeletan eta tratamendu-guneetan. Athletic Clubeko unibertsoa izan da inspirazio-iturria, eta sei pertsonaia irudikatu dira: Ausarta, Leiala, Harro, Alaia, Jakintsu eta Bihotz.
Lehen etapan hauek berrapaindu dira: triaje- eta harrera-eremua, itxarongela, kontsultetako ateak, igeltsu- eta sendaketa-gela, bilakaera-eremura nahiz bigarren itxarongelara joateko korridorea, eta lotutako korridoreak. Horrez gain, aurreikusitakoaren arabera, Pediatriako Larrialdi Zerbitzu osoa apainduko da.
Santiago Mintegi Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdi Zerbitzuko buruak hauxe nabarmendu du: “pediatriako guneak humanizatzea ez da kontu estetikoa soilik, tresna terapeutikoa ere baita. Ekimenei esker, hala nola Supertxapeldunak proiektua, ospitaleko ingurunea atseginagoa egiten saiatzen gara; izan ere, gure paziente gazteenen egonaldia hobetzeko eta beldurra murrizteko lagungarriak dira jolasa, emozioa eta balioak”.
Supertxapeldunentzako sari sinbolikoak eta elementu pertsonalizatu berriak
Supertxapeldunak proiektuaren barruan, Athletic Club Fundazioak askotariko lan-ildoak ditu bai haurren jarrera positiboa bultzatzeko, bai paziente horien sintomak edo gaixotasunei nahiz proba medikoei aurre egiteko modua hobetzen laguntzeko.
Sei pertsonaia horiek esanahi narratiboa ematen diote paziente adingabeek osasun-arreta jaso bitartean ematen zaizkien opariei. Halaber, ekimenak motibazio-elementua hartzen du barne: arreta medikoa edo erizaintzako arreta jaso bitartean edo horren ondoren, adingabeak benetako supertxapelduntzat aitortzen dira eta sari sinbolikoak ematen zaizkie:
- Proiektuko pertsonaiak eta Supertxapeldun leloa duten eskumuturrekoak ematen zaizkie ohiko tratamenduak egitean, hala nola kontsultetan, txertoak jartzean, erauzketetan, sendaketetan eta abarretan. Helburua da pazienteari eta familiari laguntzea eta haien jarrera ona sendotu eta saritzea.
- Pertsonaien irudiak dituzten pegatinak , haiekin identifikatu daitezen eta horiei lotutako mezu baikorrak sendotzeko.
- Jarrera ona izateagatik diploma bana ere ematen zaie ospitaleko alta jasotzen dutenean, Iñaki Williams eta Irene Oguiza Athletic Clubeko kapitainek sinatutakoa, pazientea supertxapeldun denaren ziurtagiria.
Sari horien bidez indartzen da haurrek tratamenduan erakutsitako ausardia, eta horrela positiboagoa da ere haurren ospitaleko egonaldia.
Ekimen gehiago: mantalak, adur-zapiak, korridoreko futbola eta irakurketa-klubak
Horrez gain, hauexek dira Athletic Club Fundazioak eta Osakidetzak helburu berarekin batera dituzten beste lan-ildo batzuk:
- Athleticen mantalak: Athletic Cluben lehen taldeen kamisetak inspirazio-iturritzat hartuta, bularrean ezkutua duten mantal zuri-gorriak egiten dira haurrentzat, ospitalean egon bitartean jantzi ditzaten.
- Korridoreko futbola: Aldian-aldian fundazioak futbol-partidak egiten ditu ospitaleko korridoreetan; paziente adingabeei zuzenduta daude eta, hala, ate txikiak jartzen dituzte haientzat eta futbol-zelaiaren simulazioa egiten dute; horrez gain, Athletic Clubeko lehen taldeetako futbol-jokalariek bisita sorpresak egiten dituzte.
- Adur-zapiak: Fundazioak adur-zapi bat oparitzen dio Bizkaian jaiotako haur bakoitzari, non Athletic Clubeko ezkutuaz gain mezu hau baitago: “Ongi etorri familia eder honetara”.
- Irakurketa-kluba. Fundazioak Óscar de Marcosen TOGO liburua berrargitaratuko du ospitaleei zuzendutako edizio berezi batean, nerabeekin irakurketa-klubetan lantze aldera.
Johana Ruiz-Olabuenaga Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendariak hauxe adierazi du: “Proiektu hau lagungarria da une zailean dauden haurrek balio garrantzitsuak sendotu ditzaten gaixotasuna pairatu bitartean. Athletic Cluben berezko balioei buruz nabil, hala nola taldeanganako konfiantza, ausardia, esfortzua eta baikortasuna”.
Oro har, Supertxapeldunak proiektuaren bidez, txikienen ikuspuntutik, osasun-espazioak talde-lana goraipatzeko eta itxaropena izateko toki bihurtzen dira, non haurrak Athletic Cluben familiaren parte sentitzen baitira.
Bilakaeran jarraitzen duen lankidetza-eredua
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziazko zentroa da Euskadin pediatriako patologia konplexuak tratatzeko, eta Athletic Club Fundazioarekin batera berresten du haurrei ematen zaien arreta humanizatzeko konpromisoa. Proiektuaren bidez erantzun nahi zaio ikuspegi integralarekin arreta emateko beharrari, non ez baita soilik kalitate klinikoa lehenesten, eta paziente nahiz familien ongizate emozionala eta esperientzia orokorra ere jartzen baitira jomugan. Asistentzia sanitarioko prozesuak eta eremuak humanizatzeko ildo estrategikoaren helburua da antsietatea murriztea, konfiantza sortzea eta ingurune atseginagoak eskaintzea, bereziki haurtzaroan, garai sentibera baita.
Horrelako ekimenen bidez, Osakidetzak berretsi du pertsonak erdigunean jartzen dituen osasun-eredu baterantz aurrera egiteko duen konpromisoa, osasun-arreta jasotzen dutenen bizi-kalitatea eta gogobetetze-maila hobetu nahian.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)