Osakidetzak sendotu egin du giltzurrun-transplante gurutzatuaren arrakasta Euskadin, 15 egunetan bi ebakuntza eginez, biek dohaintza altruistak dituztela jatorri

Argitalpen-data: 


      Dia_rinon.jpg

MARTXOAREN 13A, GILTZURRUNAREN MUNDU EGUNA

  • Osakidetzak 36 giltzurrun-transplante gurutzatutan parte hartu du, 2013an Euskadin horrelako interbentzioak egiten hasi zirenetik
  • Teknika konplexu honek, beste autonomia-erkidego batzuekin batera egiten denak, organo bateragarriak bilatzea errazten du, eta itxarote-zerrendak murriztu

Otsailean, Osakidetzak giltzurrun-transplante gurutzatu anizkoitzeko bi ebakuntza egin zituen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, hots, Euskadiko giltzurrun-transplanteetarako erreferentziazko ospitalean. Bi kasuetan, gainera, transplante-kateari hasiera ematen zion organoa donazio altruista batetik etorri zen. Teknika konplexu horrek, non hainbat autonomia-erkidegotako emaileek eta hartzaileek aldi berean parte hartzen duten, organo bateragarriak bilatzea errazten du. Ondorioz, gero eta gehiago erabiltzen da, nahiz eta baliabide tekniko eta giza baliabide ugari behar izan. Osakidetzak dagoeneko parte hartu du mota horretako 36 transplantetan, 2013an horrelako lehen ebakuntza egin zenetik.

Zehazki, giltzurrun-transplante gurutzatuaren programaren oinarria da bi bikoteren edo gehiagoren artean giltzurrun-emaile biziak trukatzea. Helburua da giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa duten pazienteei aukera ematea emaile bizidunen mentu bat jasotzeko, nahiz eta bateraezinak izan beren bikotekideekin eta senideekin (normalean haiek izaten dira emaileak). Emaileak trukatzearen bidez, elkarren artean bateragarriak diren emaile-hartzaile bikote berriak eratzen dira.

Oraingoan, 15 eguneko epean, Euskadik beste bi autonomia-erkidegoekin parte hartu du giltzurruneko transplante gurutzatuetan, eta ebakuntzak arrakastaz egin dira. Teknikaz harago, bi kasu horietan zerbait nabarmena gertatu da: katearen hasiera (hots, emailea) ez dira hartzailearen bikotekideak edo senideak izan, baizik eta modu altruistan giltzurruna ematea erabaki duten pertsonak. Organo-emate altruistan, pertsona batek modu anonimoan ematen du organoa, inolako onurarik lortu gabe, sentimendu humanitarioak eta elkartasun-sentimenduak izanik oinarri bakartzat.

ITXAROTE-ZERRENDAK MURRIZTEA

Azken urteotan, transplante gurutzatuek itxaron-zerrendan dauden pertsonen kopurua murriztea lortu dute; izan ere, bikote bateraezinei transplanteak egiteko aukera ematen diete, emaileak trukatuz inplikatutako beste bikotekideekin. Hala, transplante gurutzatuek bateragarritasun handiagoa ematen dute pazientearen eta emailearen artean; gainera, transplantea emaile bizi batetik dator.

Estatuan gero eta transplante gurutzatu gehiago egiten diren arren, Espainian urtero egiten diren giltzurrun-transplanteen % 12 inguru dira soilik.

GILTZURRUNEKO GAIXOTASUN KRONIKOAREN INTZIDENTZIA

Euskadin giltzurrun-gaixotasun kronikoa duten pazienteen kasu berrien kopurua 124 pertsonakoa izan zen milioi biztanleko (pmb) 2023an, eta Estatuan intzidentzia-tasa txikiena duen autonomia-erkidegoetako bat da – Estatuko batez bestekoa 151 pmb da –.

Bestalde, gaixotasun hori duten eta dialisi-tratamenduan dauden paziente kopurua 1.000 ingurukoa da 2023an. Euskadin, guztira, 3.000 pertsona inguruk behar dute dialisi- edo transplante-tratamendua giltzurrunen funtzioa ordezteko.

BILAKAERA ETA EMAILEEN PROFILAREN ALDAKETETARA EGOKITZEA

Euskadin, nahiz eta emaileen tasa 52,7koa izan milioi bat biztanle bakoitzeko (eta Europako tasaren gainetik dago, bertan 21 emailekoa baita milioi bat biztanle bakoitzeko), 60 urtetik gorako emaileen batez besteko adina % 78 da. Nahiz eta emaile bizien transplante-kopuruak gora egin duen azken urteotan, gaur egun egiten diren transplanteen ehunekorik handiena hildakoen transplanteei dagokie; horretan asistoliako organo-ematea nabarmentzen ari da. Gaur egun, gure inguruan ematen diren organo eta ehun guztien % 50 asistoliako organo-ematearen bidezkoak dira.

Donazio-programa bat da, eta bizitzaren amaierako zainketetan eta irizpide neurologikoen arabera heriotza zehazten ez duten pertsonen kasuetan donazioa egiteko aukera jasotzen du. Hala, organoak eman ahal izango dituzte arnasketaren, bihotzaren edo gaixotasun neurodegeneratiboen ondorioz hiltzen diren pertsonek.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)