Osakidetzak itzultzaile neuronal bat jarri du abian bere profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena

Argitalpen-data: 


      Felix_Zubia_2.JPG

Itzulbide tresnak modu erraz eta azkarrean itzultzen du gaztelaniara pazienteen historia klinikoan euskaraz jasotako informazioa.

Horrela, erraztu egiten du pazienteekin kontsulta medikoak euskaraz egitea eta profesionalek euskaraz lan egin ahal izatea aplikazio korporatiboetan, historia klinikoan hain zuzen ere. Horrela, euskaldunak ez diren profesionalek informazio hori eskuratzeko tresna bat dute, testu klinikoak gaztelaniara zorroztasunez itzultzen dituena.

Itzulbidek horrela erantzuten dio Osasunaren Euskal Itunean jasotako helburuari, hau da, paziente eta profesionalen hizkuntza-eskubideak bermatzeari, Itunean ezartzen den bezala, bai eta Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaean ere (2022-2028).

Donostialdeko ESIan pilotatzen hasi da, eta 2025eko azken lauhilekoan Osakidetzaren osora zabaltzea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Itzulbide tresna jarri du abian, testu klinikoen itzultzaile neuronala. Tresna horrek osasun-langileei lana errazten die kontsulta medikoak euskaraz egiten direnean, eta aukera ematen die profesionalei informazioa pazientearen historia klinikoan euskaraz sartzeko, gaztelaniara itzuli beharrik gabe eta itzulpenean edo interpretazioan egon daitezkeen akatsengatik jarraitutasun asistentziala baldintzatu gabe. Hala, Itzulbidek Osasun Itunean jasotako helburuari erantzuten dio, hau da, paziente eta profesionalen hizkuntza-eskubideak bermatzeari, bai eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planari (2022-2028) ere, zeinak bere helburuen artean jasotzen baitu profesionalek aplikazio korporatiboetan euskaraz lan egin ahal izatea, esate baterako, historia klinikoan.

Praktikan, Itzulbidek profesional bat pazientearen historia klinikora sartzen denean, eta bertan beste profesional batek euskaraz idatzitako informazioa jasota dagoenean, berehala gaztelaniara itzultzeko aukera ematen du. Era horretan, tresnak hainbat onura dakartza: alde batetik, kontsulta medikoak euskaraz egitea errazten du pazienteak aukeratutako hizkuntza bada – betiere arreta ematen dion profesionalak euskaraz badaki –, eta, bestetik, beste profesional batek informazio hori eskuratu nahi badu eta euskaraz ez badaki, testua erraz itzultzea ahalbidetzen du.

Euskararen erabileraren hazkunde naturala

Osakidetzak gogorarazten du gero eta eskari handiagoa dagoela historia klinikoan euskaraz idatzi ahal izateko, bai gizartearen bai profesionalen aldetik. Egiturazko plazetako langile aktiboen erdia baino gehiago elebidunak dira, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) osasun-graduen azken promozioan. Ondorioz, aipatutako bilakaera hori bizkortu egingo dela aurreikusten da.

Horrek guztiak euskararen erabilera modu naturalean haztea dakar, bai profesionalen arteko ahozko komunikazioan, bai profesional eta pazienteen artekoan, baita idatzizko komunikazioan ere. Praktikan, nahiz eta pazientearekiko harremana euskaraz izan, artatzen duten profesionalek gaztelaniaz transkribatzen dute ordenagailuan ematen ari den asistentziaren edukia. Izan ere, beldur dira informazio hori behar duen beste profesional batek ez ulertzea, eta, hortaz, arriskuan jartzea arretaren segurtasuna.

Egoera horren ondorioz, orain arte existitzen ez zen tresna bat garatu behar izan da, testu klinikoak euskaratik gaztelaniara itzultzeko eta, horrela, hizkuntza ez jakiteagatik asistentzia-jarraitutasunean sor daitezkeen arazoak minimizatzeko. Hau da, historia klinikoan integratutako tresnari esker, profesionalak pazientearen informazioa euskaraz sar dezake, eta beste profesional batek informazio hori eskuratu behar badu, gaztelaniara itzuli ahal izango du.

Hala, hainbat espezialitate eta kategoriatako profesionalek gaztelaniazko testu klinikoak bildu eta euskarara itzuli zituzten, eta, horrela, corpus linguistiko elebidun bat sortu zuten, itzultzaile neuronalaren motorra elikatzeko. Kalkuluen arabera, 200 profesionalek baino gehiagok parte hartu dute EHUk Elhuyar enpresaren laguntzarekin garatu duen tresna horren garapenean.

Hainbat urteko lanaren ondoren lortutako emaitza onak ikusita, tresna pilotatu dute Donostialdeko ESIan, bertan historia klinikoan euskaraz idatzitako testu klinikoak itzultzeko botoi bat dutelarik. Urtea amaitu baino lehen tresna hori Osakidetzaren sare osoan erabilgarri egotea espero da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)