GAUR, MAIATZAREN 6a. ASMAREN MUNDUKO EGUNA
- Asmak Euskadiko biztanleriaren % 10i baino gehiagori eragiten dio, eta prebalentzia handia du haurren eta nerabeen artean, kasuen erdia baino gehiago
- 2024an, asma akutuaren diagnostikoak 3.300 kasu izan ziren 5 urtetik beherako haurretan
Asma munduko gaixotasun kroniko ohikoenetako bat da eta Euskadin herritarren % 10i baino gehiagori eragiten die, Osakidetzak 235.000 paziente diagnostikatu ditu. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, gaur, maiatzak 6, Asmaren Mundu Egunean.
Gure ingurunean, asma haur eta nerabeen artean ematen da bereziki, 117.718 kasu, gaixotasunaren egungo diagnostikoen % 50a. 5 urtetik beherako haurren kasuan, asma akutuko 3.300 kasu diagnostikatu ziren 2024an.
Gaur egun, Osakidetzak hainbat ekimen garatzen ditu euskal osasun sistema publikoa haurren asmaren tratamenduan erreferente gisa finkatuz, hala nola Haurren Asmaren Ibilbide Asistentziala garatzen ari da, Osakidetzako Asmaren Unitateek akreditazio profesionalak lortzea eta Barakaldo Sestaoko eta Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIetan martxan dagoen Asma Bat proiektua.
Gaur egun, Osakidetza Haurren Asmaren Ibilbide Asistentziala prestatzen ari da. Horren helburu nagusia da homogeneizatzea eta erreferente izatea bai eremu klinikoan, bai adingabeen eta haien familien arretaren eremuan.
Haurren Asmaren Ibilbide Asistentzial hori ezartzeko beharra honako arrazoi hauengatik sortu da: asma duten Osakidetzako kontsultetara paziente adingabe asko joaten dira, profesionalek ikusitako aldakortasun klinikoaren aurrean irizpideak finkatu behar dira, gaixotasunak inpaktu handia du adingabeengan eta haien familiengan, batez ere adingabeek hautemandako bizi-kalitatearen galeran, eta gaixotasuna ikusarazi eta sentsibilizatu behar da.
Akreditazioak eta proiektuak
Halaber, Osakidetzako Asmaren Unitateek akreditazioak lortzeko egindako lanari dagokionez, duela gutxi Goierri-Urola Garaiko ESIko Pneumologia Pediatrikoko Atalak lortutako bi nabarmendu behar dira. Hala, Immunologia Klinikoaren eta Asma Pediatrikoaren Espainiako Elkarteak (SEICAP) emandako bikaintasun-sariarekin Oinarrizko Asmaren Unitate Pediatrikoaren egiaztapena lortu da, bai eta Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkartearen (SEPAR) egiaztapena ere. Bi lorpen horiek Osakidetzako profesionalen eguneroko praktika klinikoaren bikaintasunaren eta etengabeko hobekuntzaren bilaketaren erakusgarri dira.
Honi guztiari Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIetan Asma Bat proiektua gehitzen zaio, haurren asma akutuaren arloko diziplina anitzen arteko elkarlana. Emaitzen artean, nabarmentzekoak dira erregistratutako asma-episodioen % 75eko igoera, horien larritasuna nazioarteko eskala balidatu bat baliatuta erregistratzen da, eta % 50etik gorako igoera asma iraunkorraren sintomak dituzten haurren identifikazioan.
Informazio gehiago: https://osasuneskola.osakidetza.eus/es/medialib/html/asma-eus
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)