Osakidetzak Euskadiko COVID Iraunkorraren Unitatea jarri du abian

Argitalpen-data: 

  • Euskadi osorako erreferentziazkoa izango den diziplina eta zentro anitzeko unitatea izango da, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean kokatuta egongo da eta COVID iraunkor konplexua edo larria duten pazienteak artatuko ditu
  • Helburua da COVID-19aren sintoma iraunkorrak edo ondorioak dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzea eta ziurtatzea

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Euskadiko COVID Iraunkorraren Unitatea aurkeztu du gaur goizean. Unitatea dagoeneko hasi da pazienteei kontsulta presentzialerako ordua ematen, eta kasu larriak eta konplexuak dituzten gaixoak artatzeko erabiliko da. Martinezekin batera long COVID-a duten pazienteen euskal elkarteetako eta unitatea hiru lurraldeetan kudeatuko duten zerbitzuetako mediku taldeetako ordezkariak izan dira. Horiez gain, Osasuneko sailburuorde Enrique Peiró eta Osakidetzako zuzendari nagusi Susana López Altuna izan dira aurkezpenean. Aurkezpenaren aurretik, unitatea abian jartzeko ekitaldira bertaratu diren pertsonek bilera bat egin dute unitatearen ezaugarriak zuzenean ezagutzeko eta iritziak elkarri adierazteko.

Euskadiko COVID Iraunkorraren Unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitalean kokatuta egongo da patologia hori diagnostikatzeko eta tratatzeko. Gainera, espezialista talde bat izango du, bai Gipuzkoan, bai Araban. Espezialista horiek sarean lan egingo dute Euskadiko beste osasun-zentro batzuekin, kasu larriak eta konplexuak dituzten pazienteak tratatzeko. Unitateak hiru lurraldeei emango die zerbitzua.  Basurtuko erreferentziazko unitate hori Neurologia Zerbitzuaren ardurapean egongo da, eta barne-medikuntzako, pneumologiako, errehabilitazioko eta psikiatriako taldeek ere parte hartuko dute. Gainera, beharrezkoa izanez gero, beste espezialista batzuei ere egingo zaie kontsulta.

Sareko lana

Unitateak COVID iraunkor konplexua edo larria duten pazienteak artatuko ditu astero. Atzotik eta datozen asteetan berrogeita hamar paziente inguru deituko dira.  Osasuneko sailburuak adierazi duenez, ‘helburua da COVID-19aren sintoma iraunkor edo ondorio larriak agertzen dituztenei arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzea eta ziurtatzea, haien bizi-kalitatea hobetzeko, errekuperazioa sustatzeko eta tratamendu pertsonalizatua eskaintzeko’. Gainera, unitateak Osakidetzako gainerako osasun-erakundeekin lan egingo du sarean, pazienteei Erkidegoan ematen zaien arreta homogeneizatzeko. Halaber, ekitatea bermatuko du arretan.

Irizpide komunak ezartzeko, deribazio-irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat landu da. Bizkaian, kasuak lehen mailako arretatik edo ospitaleko espezialitateetako kontsultetatik bideratu ahal izango dira, zerbitzuen arteko kontsulta baten bidez. Gipuzkoan eta Araban, berriz, lurralde bakoitzak izendatutako erreferenteen (barne-medikuntzako fakultatiboen) bitartez bideratuko dira hautatutako kasuak.

COVID iraunkorra

COVID iraunkorra ("Long COVID" edo COVID-19aren osteko sindrome ere deitutakoa) SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio baten ondoren sortzen den egoera klinikoa da, gutxienez 3 hilabetez modu jarraituan, aldizka edo progresiboki irauten duena eta organo eta sistema bat edo gehiago kaltetzen dituena. Horrek zaildu egiten du diagnostikoa eta tratamendua, ez baita ezagutzen sintomak denboran luzatzea eragiten duen kausa zehatza. 

Osasun orokorreko arazoa da. Izan ere, eragin handia du jasaten dutenen bizi-kalitatean, eta tratatzeko konplexutasuna dela eta, erronka handia da osasun-sistemetarako. Sintomak askotarikoak dira. Ohikoenen artean, honako hauek aipa daitezke: muturreko nekea, arnasa hartzeko zailtasuna, buruko lainoa edo kontzentratzeko arazoak, giharretako eta artikulazioetako mina, takikardia, digestio-arazoak, antsietatea eta depresioa. Gaur egun ez dago patologia hori duten pazienteen erregistro ofizialik, eta zaila da patologiaren irismenaren zifra errealak izatea, diagnostikoa egiteko zailtasunaren ondorioz.

Bost urte Euskadin COVIDaren lehen kasua agertu zenetik

COVID-19aren inpakturik handiena 2020tik 2022ra bitartean gertatu zen, 2020ko otsailaren 28an Euskadin lehen kasua agertu eta hurrengo bi urteetan. Lehen aldi horretan, 6 bolada handi izan ziren, 800.000 kasu inguru erregistratu ziren (% 24,6 60 urtetik gorako pertsonenak izan ziren) eta 8.000 pertsona inguru hil ziren (% 1eko hilgarritasun-tasa). Pandemiaren jardueraren goren aldia 2021eko abendutik 2022ko urtarrilera bitartean erregistratu zen. Zehazki, 330.000 kasu baino gehiago erregistratu ziren, eta ospitaleratzeak 4.000 baino gehiago izan ziren.

Lehen bi urteetan, euskal osasun-sistemako lehen mailako arretan 800.000 kasu baino gehiago artatu ziren, eta 36.800 ospitaleratze inguru izan ziren Osakidetzako ospitale-sarean. Euskal osasun-sistemak, eta profesionalek bereziki, egoera ezezagun bati erantzun behar izan zioten. Orain, 5 urteren ondoren, Osasuneko sailburuak egoera hori gogoratu nahi izan du. ‘Biktima horiek guztiak ekarri nahi ditut gogora, eta gehien pairatu zutenekiko elkartasuna agertu nahi dut. Eta, berriz ere, euskal osasun-sistema osatzen duten profesional guztien ahaleginaren eta dedikazioaren garrantzia azpimarratu nahi dut, komunitate zientifikoa ahaztu gabe, ezinbesteko zutabea baita tratamenduen garapenean eta txertaketan’, adierazi du Martínezek.

Txertaketa-kanpaina hasi zenetik, COVID-19aren eragina nabarmen murriztu zen. Halaber, gaixotasunaren ezagutzan lortutako hobekuntzak lagungarriak izan ziren. Handik aurrera, eta gaur arte, lehen mailako arretan eta ospitaleetan intzidentziak egonkor eta, oro har, balio txikietan jarraitu du.

 

*Argazkia:

Unidad Covid Persistente 1: Osasuneko sailburua COVID Long elkarteetako ordezkariekin

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)