- Bilbo-Basurtuko ESIko Alergologia Zerbitzua da Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkartearen (SEAIC) aintzatespen gorena lortzen lehena eta bakarra Euskadin
- Berrikuntza gisa, unitate honek irakaskuntza-unitate gisa jardungo du Lehen Mailako Arretako eta beste espezialitate batzuetako profesionalak trebatzen
- Urtero, unitate honek gaizki kontrolatutako asma larria duten 130 paziente artatzen ditu. Patologia horrek, batez beste, urtean 8.500 euro inguruko gastua eragiten du paziente bakoitzeko, larrialdi eta ospitaleratze ugariengatik
Osakidetzak bere posizioa sendotu du patologia konplexuen tratamenduan, Bilbo-Basurtuko ESIko Alergologia Zerbitzuko Asma Larriko Unitateak bikaintasun-bereizgarria berrakreditatu ondoren. Maila altuena da, Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkarteak (SEAIC) emana, eta zerbitzu horrek erreferente izateari eusten dio, auronomia erkidegoan bereizgarri hori duen unitate bakarra baita.
Bilbo-Basurtuko ESIaren zerbitzua estatu mailan bikaintasun-maila horrekin akreditatutako 28 unitateetako bat da. Gertaera horrek Bilbo-Basurtuko ESIaren asistentzia-kalitatea aitortzeaz gain, Osakidetzak pazientearen segurtasunarekin duen konpromisoa indartzen du, eta zuzenean lotzen da Osasun Itunaren helburuarekin, hau da, gaixotasun kronikoen abordatzea hobetzeko helburuarekin, EAEko herritar guztientzako abangoardiako arreta, ekitatiboa eta pertsonalizatua bermatuz.
Gainera, berrikuntza gisa, unitatea Irakaskuntza Unitate gisa ziurtatu da. Horri esker, zerbitzu honetako medikuek prestakuntza praktiko presentziala eman ahal izango diete lehen mailako arretako eta beste espezialitate mediko batzuetako profesionalei, SEAICen etengabeko garapen profesionaleko programaren barruan.
Diziplina anitzeko abordatzea
Asma Alergologiak, Pneumologiak eta Lehen Mailako Arretak kontrolatu eta tratatutako patologia bat da, eta hiru milioi pertsona ingururi eragiten die Espainian; horietatik % 5 eta % 10 artean asma larria dute. Asma larria diagnostikatzen zaien pertsonen erdiak ez du lortzen gaixotasuna behar bezala kontrolatzea. Egoera horrek larrialdietako eta ospitalizazioetako zerbitzuak gehiago erabiltzea dakar, paziente bakoitzeko urteko 8.500 euro baino gehiagoko kostu estimatuarekin.
Unitate honetan sintoma larriak eta iraunkorrak dituzten pertsonak artatzen dira, ohiko krisiak (exazerbazioak), oro har, oso birika-funtzio murritzarekin. Paziente horiek arnastutako medikazioaren erabilera kronikoaren mende egon ohi dira, dosi altuetan eta maiz ahoko kortikoideekin; eta horrek ohiko albo-ondorioak eragiten ditu. Unitateak, hain zuzen ere, ondorio kaltegarri horiek gutxitzea, bizi-kalitatea hobetzea, larriagotzeak kontrolatzea eta, beraz, larrialdiak eta ospitaleratzeak murriztea du helburu. Horretarako, kasuen abordatze integrala egiten da, protokolo eguneratuekin eta terapia berritzaileetarako sarbidearekin.
Gainera, nabarmendu behar da asma larria ez dela berdina pertsona guztiengan, hainbat kausa edo fenotipo daudelarik. Ohikoenak dira batetik asma eosinofilikoa, ezaugarri honekin: globulu zuri mota jakin batek markatzen du inflamazioa; eta, bestetik, asma alergikoa, hau da, ingurumen-alergenoekiko erreakzioa.
Bilbo-Basurtuko ESIko Unitatea alergologian adituak diren bi fakultatibok eta espezializatutako bi erizainek koordinatzen dute. Diziplina anitzeko lan-eredua dute; izan ere, Pneumologia, Dermatologia eta Otorrinolaringologiarekin lankidetza estua dute, asma ez ezik, hari lotutako patologiak ere (errinosinusitisa, poliposia edo dermatitis atopikoa, edo beste arnas gaixotasun batzuk, hala nola biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa edo loaren apnea-sindromea) barne hartzen dituen tratamendu integrala eskaintzeko.
Azken urtean, talde horrek 540 kontsulta egin ditu, eta kontrol zorrotza eta pertsonalizatua behar duten konplexutasun handiko 130 pazienteren jarraipena kudeatu du.
Ebaluazio-irizpideak
Bikaintasun-zigilua lortzeko, elkarte zientifikoak ezarritako irizpideen % 100 zorrotz bete behar da. Auditoriak modu positiboan ebaluatu ditu, besteak beste, honako alderdi kritiko hauek:
- Lehentasunezko zitazio-protokoloak ezartzea.
- Profesionalen funtzioak banatzeko organigrama
- Ikerketa-proiektuak eta terapia biologiko berritzaileetarako sarbidea.
- Pazienteei zuzendutako osasun-hezkuntzako programak.
Berrakreditazio horrekin, Osakidetzak Bilboko biztanleei bermatzen die lehen mailako sarbidea izango dutela tratamendu aurreratuenetan eta asma larriari aurre egiteko arreta bikaina jasoko dutela.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)