Osakidetzak azaro historikoa izan du: giltzurruneko 25 transplante eta gibeleko 9

Argitalpen-data: 

Equipo_multidisciplinar_trasplantes_H_Cruces_Osakidetza_0.jpeg
  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentea da Euskadin eta beste erkidego batzuetan gibel- eta giltzurrun-transplanteen arloan, eta haurren giltzurrun-transplanteetarako egiaztatutako CSUR zentroa da. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hilabete bikaina izan du, eta espezializazio handiko taldeen arteko koordinazio-gaitasun handia nabarmendu du
  • Arlo horretako jardueran, gibel-giltzurruneko bi transplante konbinatu eta giltzurruneko 23 transplante egin dira 16 egunetan
  • Euskadik ekarpen handia egiten du organoak emateko eta transplanteak egiteko garaian. Hori dela eta, Osakidetza erreferente da, eta leku nabarmena du nazioartean

Osakidetzak transplante kopururik handienetako bat erregistratu du hilabete bakarrean: 34 interbentzio Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Zentro hori erreferentea da Euskadin eta beste erkidego batzuetan gibel- eta giltzurrun-transplanteen arloan, eta Osasun Ministerioak Haurren Giltzurrun Transplanteetarako Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate gisa (CSUR) akreditatu du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, azaroan, giltzurruneko 25 transplante —barnean direla emaile biziduneko bat, pediatriko bat eta gibel-giltzurrunetako bi konbinatu— eta gibeleko 9 transplante egin ditu.

25 transplante horietatik 23, gainera, 16 egun eskasetan egin ziren, eta horrek plangintza milimetrikoa eta diziplina anitzeko taldeen inplikazio koordinatua eskatzen du. Jarduera-bolumen hori soilik lor daiteke egitura sendoa, protokolo aurreratuak eta kualifikazio handiko profesionalak dituzten erakundeetan, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak antolaketaren arloan duen gaitasuna eta bikaintasuna islatzen du.

Nefrologiaren, Urologiaren, Kirurgia Hepatobiliar eta Transplanteen, Immunologiaren, Transplante Koordinazioaren, Anestesiaren, Bizkortzearen eta Erizaintzaren arloetako profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde batek eta beste zerbitzu batzuek —hala nola Anatomia Patologikoa, Erradioangiologia Interbentzionista, Medikuntza Intentsiboa, Odol Bankua, Gaixotasun Infekziosoak eta Biokimika— ahalbidetu dute lorpen hori, eta egin dute posible Osakidetza transplanteen erreferente gisa duen posizioa finkatzea estatuan eta nazioartean.

Osakidetzak lidergoa sendotu du giltzurrun- eta gibel-transplanteetan

1979an giltzurrun-transplanteen programa hasi zenetik, Osakidetzak helduentzako eta pediatria adinean daudenentzako 5.100 giltzurrun-transplante baino gehiago egin ditu, eta horietatik 62 gibel-giltzurrunekoak izan dira. Era berean, aurten, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean giltzurruneko 151 transplante egin dira, horietatik 132 emaile hilenak, 14 emaile bizienak eta bost gibel-giltzurrunekoak. Gainera, 2006an hasitako emaile biziaren programari esker, orain arte 320 transplante egin dira, transplante gurutzatuak barne.

Giltzurrun-transplante pediatrikoari dagokionez, Ospitalea CSUR erreferentziazko zentroa da, eta, 1981etik gaur arte, 266 transplante egin dizkie pediatria adinean dauden Euskadiko eta beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonei, hala nola Nafarroa, Kantabria, Asturias, Errioxa, Galizia, Aragoi eta Gaztela eta Leongoei.  

Bestalde, 1996ko otsailean Euskadin lehen gibel-transplantea egin zenetik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia Hepatobiliar eta Transplanteen Atalak 1.934 interbentzio egin ditu guztira, eta arlo horretan jarduera-bolumen handiena duen Estatuko bost ospitaleen artean dago.

Programa horrek Euskadi osoko pazienteak artatzen ditu, baita Kantabriatik bidalitako pertsonak ere, kasuen konplexutasuna tarteko. Batez beste, unitateak gibeleko 70 transplante inguru egiten ditu urtean, konplexutasun handiko kirurgian erreferente gisa duen posizioa finkatuta.

Euskadi mundu mailan organoen emate-tasa handiena duten autonomia-erkidegoen artean dago: 56,6 emaile milioi biztanleko 2024an. Emaitza horrek argi islatzen du prozesu bakoitza posible egiten duten osasun-taldeen eta osasunaz kanpoko taldeen arteko koordinazio eredugarria, baita Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen elkartasun handia ere, eskuzabaltasunean erreferente izaten jarraitzen baitu. Inplikazio horrekin eta transplante-jarduera handiarekin, Osakidetzak erreferente gisa duen posizioa sendotu du, eta leku nabarmena du nazioartean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)