Osakidetza 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko da Elgoibarko osasun-zentro berriko obrekin

Argitalpen-data: 


      Osakidetza_CS_ELGOIBAR_.jpg
  • Ekipamendu berriak 6,8 milioi euroko inbertsioa dakar, eta emakumeei arreta emateko, esplorazio ekografikorako, fisioterapiarako eta errehabilitaziorako eremu espezifiko berriak izango ditu, baita kontsulta medikoen eta erizaintzako kontsulten kopurua nabarmen handituko da (26) eta familia-medikuntzako eta pediatriako eremua ere
  • Kalebarren plazan kokatuko da, eta egungo osasun-zentroaren azalera eraikiaren bikoitza izango du

Elgoibarrek osasun-zentro berri bat izango du laster. Azpiegitura moderno eta funtzionala edukiko du, eta egungo asistentzia-beharretara egokituko da; hala, osasun-arreta hurbilagoa eta eskuragarriagoa eskainiko die Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren 18.000 pertsona ingururi.

Elgoibarko Osasun Zentro berriak hainbat area espezifiko berri izango ditu: emakumeentzako arreta, miaketa ekografikoa, fisioterapia eta errehabilitazioa, hain zuzen. Eta, horrekin batera, Medikuntzako eta Erizaintzako kontsulten kopurua nabarmen handituko da ere.

Zentroko obrak 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dira (martxoan, aurreikuspenen arabera), egungo eraikina eraitsi ondoren. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 7 milioi euro inguru inbertituko dituzte (6.831.349,23 euro), eta aurreikusitako egikaritze-epea 26 hilabetekoa da.

Osasun-zentroa Kalebarren plazan kokatuko da, udalerriaren erdigunean, 400 metro karratu inguruko lurzati batean. Gaur egun, udal-merkatuaren eraikina dago bertan, 70eko hamarkadan eraiki zena.

Hirigune historikoko puntu estrategikoa da, eta Elgoibarko hiru kale garrantzitsuenek bat egiten dute bertan: San Frantzisko, Errosario eta San Bartolomé. Proiektuak eraikinaren integrazio arkitektonikoa ere aurreikusten du bere hiri-ingurunean, eskala, materialak eta aldameneko eraikinekiko harremana errespetatuz, zentro berria harmonikoki Elgoibarko bilbe historikoan integratzeko.

Eraikinak 2.251 metro karratuko baino gehiagoko azalera eraikia izango du, egungo osasun-zentroa baino bi aldiz handiagoa, zeinak 960 metro karratu erabilgarri baititu.

Zentro berriak sei solairu izango ditu (bi sestra azpian eta lau sestra gainean). Horrek aukera emango du eskualdeko Lehen Mailako Arreta indartzeko eta zerbitzu-zorro askoz osoagoa eskaintzeko.

Zerbitzu-zorroa zabaltzea

Elgoibarko Osasun Zentro berriak zerbitzu gehiago eskainiko ditu, espazio moderno, zabal eta erosoekin, bai pazienteentzat, bai profesionalentzat.

Honako hauek izango ditu:

  • 26 kontsulta mediko eta Erizaintzako kontsulta.
  • Administrazio-eremua.
  • Familiako Medikuntza eta Pediatria.
  • Emakumeen arretarako eremua, emaginaren kontsultarekin, Ginekologiako kontsultarekin eta hainbat laguntza-gelarekin. Horri esker, emakumeen osasunean arreta integrala eskaini ahal izango da, eta haurdunaldiko, erditzeko eta erditze ondoko prozesuen jarraipena indartu.
  • Fisioterapiako eremua, kontsulta bat eta errehabilitaziorako tratamendu eta -ariketetarako gela espezifiko bat izango dituenak. Hala, egungo eskaintza hobetuko eta patologia muskuloeskeletikoak dituzten pazienteen errekuperazioa erraztuko da.
  • Sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdietako gela, edoskitze-gela eta erditzea prestatzeko gela.
  • Osakidetzako langileentzako guneak eta bilerak, koordinazioa eta prestakuntza egiteko eremu komunak.

Banaketa berri horri esker, eraikinak lanaren antolaketa hobetzea, itxarote-denborak murriztea eta herritarrei arreta pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa eskaintzea ahalbidetuko du.

Elgoibarko Osasun Zentro berriaren proiektuak bermatu egiten du Osasun Sailak eta Osakidetzak Lehen Mailako Arretaren etengabeko hobekuntzarekin eta Gipuzkoako osasun-azpiegituren modernizazioarekin duten konpromisoa.

Eraikin berriak Lehen Mailako Arretaren sarea indartzen lagunduko du, espazio irisgarriak, jasangarriak eskainiz, herritarren egungo eta etorkizuneko beharretara egokituak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)