Ordaindu gabeko zaintza Europan

Argitalpen-data: 

Osasun Saila; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa. Talde soziosanitarioa

Gizona gurpil-aulkian duen emakumea

Gizona gurpil-aulkian duen emakumea

Eurofoundek argitaratutako "Unpaid care in the EU" txostenaren arabera, Europako biztanleen % 45ek ordaindu gabeko zaintzak ematen dituzte, eta zainketa gehienak emakumeek egiten dituzte. Gainera, ongizate-sistemetarako funtsezko lan horrek ez du behar adinako aintzatespenik, eta ez da balioesten lan hori egiten duten pertsonen osasunean, ekonomian eta enpleguan eragiten duen inpaktua. Horregatik, azterlanak neurriak proposatzen ditu pertsona horiei eta haien senideei laguntzeko eta zaintza-sistema bidezkoagoan aurrera egiteko.

Txostenaren arabera, zaintzan emandako batez besteko denbora astean 30 ordukoa da, eta Europako biztanleriaren % 10ek hainbat pertsona zaintzen ditu aldi berean. Gainera, adingabeak zaintzen dituztenen % 67 eta iraupen luzeko zainketak egiten dituztenen % 61 enplegatuta daude, eta, ondorioz, lana eta zaintzak uztartzeko zailtasuna handitzen da. Aipatu bezala, zaintzaren ardura handiena emakumeena da, baina nabarmentzekoa da 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen % 25ek ere nolabaiteko zaintza egiten duela, errekonozimendurik eta erakundeen babesik gabe.

Bestalde, nabarmentzekoa da zaintza informalak osasunean, ongizatean eta ekonomian duen eragina lan horiek egiten dituzten pertsonengan: zaintzaileen % 50ek osasun mentaleko arazoak ditu, eta % 39k dio zainketa-lanekin lotutako zailtasun ekonomikoak dituela. Gainera, horrelako lanak egiten dituzten adinekoek ere gaixotasun kronikoekin edo muga funtzionalekin bizitzeko arreta behar dute. Azkenik, herrialdearen arabera, ordaindu gabeko lanaren balioa Europako BPGren % 2,4-4,2 dela kalkulatzen da.

Azterlanak ohartarazten du erantzukizun hori hautapenagatik baino betebeharragatik izan ohi dela, zerbitzu publiko nahikorik eta eskuragarririk ez dagoelako. Era berean, hamar zaintzailetik batek zainketa lan baino gehiago eta hainbat erantzukizun izaten ditu batera, eta horrek are gehiago areagotzen du presioa.

Ondorioz, errealitate horri aurre egiteko, hainbat gomendio proposatzen ditu txostenak:

  • Zaintzaileak legez aitortzea, haien adina edo familia-lotura edozein dela ere.

  • Kalitatezko zerbitzu formal irisgarriak garatzea (atsedena, etxeko arreta, haurtzaindegiak, etab.).

  • Zaintza enpleguarekin edo ikasketekin bateragarri egiteko lan-baimenak eta malgutasuna eskaintzea.

  • Gizarte-babesa eta diru-sarrera egokiak bermatzea zaintza-aldietan.

  • Zaintzaileen prestakuntza, parte-hartzea eta osasun fisiko eta mentala sustatzea.

  • Zaintzaile gazteak berariaz ikusaraztea eta laguntzea.

Eurofound-ek azpimarratu du zaintzen dituztenen baldintzak hobetzea funtsezkoa dela sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako eta gizarte bidezkoagoak, kohesionatuagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, "Zaintza informalak EBn" (Unpaid care in the EU, 2025) txosten osoa eskuragarri dago Eurofound-en webgunean.