Ongizate pertsonalari buruzko pertzepzioa

Argitalpen-data: 

Euskadiko herritarren ongizate orokorra, oro har, positiboa da. Bizitza-balorazioa 7,3 puntukoa da 0tik 10era bitarteko eskalan, eta harreman pertsonalekiko gogobetetasuna 8 puntura iristen da. Osasunaren auto-pertzepzioa ere positiboa da: inkestatuen % 73k ona edo oso ona dela adierazi du. Hala ere, bizi-kalitatearen irudi orokor hau ez da berdina dimentsio guztietan. Ongizate ekonomikoari dagokionez, aurrezteko gaitasunaren balorazioa nabarmen apalagoa da: 6,1 puntura jaisten da.

Ongizate pertsonala

Herritarrei galdetu zaie zein maiztasunekin egiten duten jarduera fisiko moderatua edo bizia (Adibidez: oinez bizkor ibili, korrika egin edo gimnasiora joan, 30 minutu edo gehiagoz). Inkestatuen gehiengoak, % 59k, astean hiru aldiz edo gehiago egiten du jarduera fisiko moderatua edo bizia: % 27k egunero, eta % 32k astean 3-4 aldiz. Adinaren arabera, joerak ezberdinak dira, adinean gora egin ahala jarduera fisikoaren maiztasuna handitzen da, eguneroko ohitura bihurtuz. Gazteen (18-29 urte) % 45ek astean 3-4 aldiz egiten du jarduera fisikoa eta %18k egunero, 65 urtetik gorakoen kasuan, joera aldatu egiten da, gehiengoak kirola egunero egiten du (% 34) eta astean 3-4 aldiz aritzen direnak gutxiago dira (% 29).

Inkestatuen gehiengoak osasun ona edo oso ona duela adierazi du (% 73). Alabaina, aldeak nabarmenak dira adinari edo ikasketei begiratzen badiegu. Gazteen artean (18-29 urte), % 92k osasun ona edo oso ona duela dio (horietatik % 32k oso ona eta %60k ona), baina 65 urtetik gorakoetan % 63ra jaisten da. Ikasketa mailak gora egin ahala, osasunaren pertzepzioak ere gora egiten du: lehen mailako ikasketak dituztenen %61ek osasun ona edo oso ona duela adierazi du, bigarren mailako ikasketak dituztenen %75ek eta unibertsitate-ikasketak dituztenen %81ek.
Elikadurari dagokionez, % 90ak dio elikadura oso osasungarria edo nahikoa osasungarria daramala. Unibertsitate- ikasketak osatu dituztenek ehuneko oso altua erakusten dute (% 94). Zenbat eta altuagoa izan klase soziala, orduan eta osasungarriagoa da daramaten elikadura: goi-klaseko % 32k elikadura oso osasungarria darama, behe-klasekoen bikoitza (% 15).

Ongizate emozionala

Batez beste, bizitzaren gaineko kontrola 10etik 7,8 puntukoa da, ikasleek (8,3) eta jubilatuek/pentsiodunek (8,1) adierazten dituzte balio altuenak. Bestalde, langileek adierazten dute kontrol maila baxuena: 7,7 puntu. Azken lau asteetako egoera emozionala positiboa izan da gehienentzat: % 78 (“oso positiboa” % 14 eta “nahikoa positiboa” % 64). Hala ere, aldeak nabarmenak dira lan egoera edo klase soziala begiratuz gero; langabetuen ia bostenak (% 15), egoera emozionala negatibotzat adierazi du (“nahikoa negatiboa” % 6 eta “oso negatiboa” % 9). Aldiz, goi-klasekoen % 85k, positibotzat du bere egoera emozionala. Beraz, bizitzaren ebaluazio orokorra 10etik 7,3 puntukoa bada ere, langabezian daudenak, etxeko lanak egiten dituztenak eta behe-klasekoak batezbestekoaren azpitik kokatzen dira (7,2; 6,9 eta 7,2 hurrenez hurren), goi-klasea, berriz, 7,8 puntura igotzen da.

Ongizate intelektuala 

Herritarren % 45ek egunero egiten dituzte jarduera mental estimulatzaileak: irakurtzea, ikastea edota arazoak ebaztea; proportzio hori % 55era igotzen da 65 urtetik gorakoen artean. Hezkuntza-mailan aldeak daude: unibertsitate-ikasketak dituztenen % 56k egunero egiten dituzte halako jarduerak, lehen maila baino gutxiagoko ikasketak dituztenek, berriz, % 40k egiten ditu egunero, eta % 16k gutxitan edo inoiz ez. Etengabeko ikaskuntzaren garrantziaz galdetuta, % 52k garrantzia handia ematen dio; balio hori % 64ra igotzen da goi-mailako ikasketak dituztenen artean, eta % 41era jaisten lehen mailako ikasketak dituztenen artean. Goi-klasekoek ere garrantzia handia ematen die etengabeko ikaskuntzari (% 66).

Ongizate soziala

Harreman pertsonalekiko gogobetetasuna 8 puntukoa da eta bakardadea sentitzen dutenak gutxi dira: % 59k inoiz ez edo ia inoiz ez dela bakarrik sentitzen dio. Emakumeak maizago sentitzen dira bakarrik (% 46) gizonezkoak baino (% 36). Inkestatuen % 55ek beti edo ia beti sentitzen dute ingurukoek aintzat hartzen dituztela (gizonak: % 56 eta emakumeak: % 53). Lan-egoerari begiratuz, jubilatuak/pentsiodunak sentitzen dira baloratuen (% 59), aldiz, etxeko lanak egiten dituztenen eta langabezian daudenen artean, lagina txikiagoa den arren, ingurukoek aintzat hartzen dituztela sentitzen dutenen ehunekoa baxuagoa da (% 42 eta % 46, hurrenez hurren). Interpreta daiteke sare sozial xumeagoa edo isolamendu handiagoa dagoela talde hauetan.

Ongizate kulturala

Herritarrei galdetu zaie, beren kultura, tradizio eta ohiturak egunerokoan presente dauden, % 94 ados daude (guztiz ados: % 48; nahikoa ados: % 46). Euskara erabiltzen dutenen % 68 eta 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako biztanleen % 55 guztiz ados daude.
Komunitate-pertenentzia sentimendua ere handia da: % 89k aitortzen du balioak eta adierazpenak partekatzen dituen komunitate baten parte sentitzen dela. Euskaldunen hamarretik bederatzik komunitatearekiko lotura sendoa adierazi dute (% 92).
Azkenik, % 88k uste du kultura-aniztasunak gure gizartea aberasten eta bizikidetza hobetzen duela. Atzerrian jaio diren ia guztiek kultura-aniztasunaren onurak balioesten dituzte (% 96).

Okupazio eta finantza ongizatea

Langileen artean, batez beste, lanarekiko gogobetetasuna 10etik 7,4 puntukoa da. Gainera, lan-inguruan baloratua sentitzea % 82k baieztatzen du. Balorazio-sentsazioa klase sozialaren arabera aldatu egiten da: erdi-klasekoak sentitzen dira baloratuen (% 87), ondoren goi-klasekoak (% 84) eta azkenik, behe-klasekoak (% 74).
Aurrezteko gaitasunarekiko gogobetetasuna 6,1 puntukoa da eta alde esanguratsuak ageri dira adinaren eta klase sozialaren arabera. 18-29 urte bitartekoek gaitasun txikiagoa adierazten dute (5,8), eta 65 urtetik gorakoek handiagoa (6,5). Klase sozialak ere eragin zuzena du: goi-mailako klasean puntuazioa 7,1era igotzen da, eta behe-klasean, berriz, 5,5era jaisten.

Ingurune ongizatea

Herritarren % 75ek ontziak, papera eta beira bereizten ditu. Gipuzkoarrek birziklatzen dute gehien (% 83). Organikoa bereizten dutenak % 55 dira, eta, berriz ere, Gipuzkoan lortzen da maila altuena (% 82).

Klima-aldaketaren inguruan, % 23k kezka handia edo izugarria du (% 19 handia; % 4 izugarria). % 41ek uste du klima-aldaketaren aurkako borroka lehentasunezkoa izan behar dela Euskadirentzat; % 55ek, ordea, garrantzitsutzat jotzen du, baina momentu honetan beste lehentasun batzuk daudela deritzo. Gizartearen lehentasunak aldatzen ari dira, 2024ko datuekin alderatuz gero, klima-aldaketa baino lehen beste lehentasun batzuk daudela diotenen ehunekoak nabarmen egin du gora, orduan % 45 baitziren. Adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiagok jotzen dute klima-aldaketaren aurkako borroka lehentasunezkotzat: 18-29 urte bitartekoen % 38 eta 65 urtetik aurrerakoen % 44.
Ohiturak aldatzeko prestutasunari dagokionez, herritarren % 51k dio ingurumenarekiko errespetu handiagoz jokatzeko zenbait ohitura aldatzeko prest dagoela, ahalegin handia eskatu ala ez. Nabarmen, Gipuzkoako biztanleek adierazten dute prestutasun handiena (% 65), ondoren Arabak (% 48) eta, azkenik, Bizkaiak (% 42).

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)