- María Ángeles Müller buru dela, batzar orokorra egin dute gaur arrain-lonjan, ekimenak planteatzeko.
- Arrantza sailburuorde Ixone Soroak eta Koldo Goitiak lan-jardunaldi bat partekatu dute
Ondarroa, 2025 02 28
Maria Angeles Muller buru duen Ondarroako Neskatilak-Paketatzaileak taldeak bere batzar orokorra egin du gaur arrain lonjan, joan den ekitaldian egindako jarduerak errepasatzeko eta aurten egin beharreko ekimenak proposatzeko.
Arrantza sailburuorde Leandro Azkuek eta Ixone Soroa eta Koldo Goitia zuzendariek beren kezkak partekatu dituzte haiekin: "Ez dira sektorearen" erabateko partetzat hartzen, gaixotasunak ez dira erabat profesionaltzat hartzen eta, batez ere, ia 52 urteko batez bestekoa dute".
Neskatilen kolektiboa 8 emakumek osatzen dute, eta freskotarako alturako arrantza-ontzietatik datozen arrain-kaxak pisatzen, sailkatzen eta antolatzen dituzte. Lonjan lan egiten dute enpresentzat, enkantea egin aurretik.
Neskatilak edo enpakatzaileak Ondarroako portuan bakarrik daude, freskotarako alturako arrantza-ontzientzat jarduten baitute. Ondarroak alturako 10 itsasontzi ditu, eta Euskadiko arrantza-portu nagusietako bat da. Nahiz eta 80ko hamarkadan jarduera bizia izan zuen, gaur egun egoera bestelakoa da.
Horrek, arrantzako gainerako azpisektoreei ez ezik, enpakatzaileen jarduerari ere eragiten dio. Laurogeiko hamarkadan Ondarroako portuan 200-250 emakume enpakatzaile zeuden. Gaur egun 8 emakume profesional bakarrik daude, eta batez besteko adina 52 urtekoa da.
Lan-karga jaitsi izanak eta emakumeen kolektibo horri erretiro-adinean koefiziente murriztaileak ezarri izanak, jarduera hori egiten duten emakumeen kopuruak behera egitea eragin dute. Gainera, nabarmentzekoa da beste kolektibo batzuk agertu izana orain arte emakume horiek bakarrik egiten zuten jarduera hori egiteko.
Lana
“Ontziak iristen direnean eta arraina lonjara ekartzen denean, enpakatzaileak lanean hasten dira. Arrain-kaxak banan-banan pisatzen dituzte, eta, ondoren, sailkatu, izotza aldatu eta hurrengo eguneko salmentarako prest uzten dituzte. Zapoaren kasuan, tamainaren arabera ere sailkatzen dute. Lan hori ilunabarrean hasten da, goizaldean salmentarako dena prest egon dadin”, aipatu du Koldo Goitiak, Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapeneko, Portuetako eta Itsas Gaietako zuzendariak.
Neskatilak taldeka aritzen dira arrain-lonjan. Horietako bakoitzak enpresa berberetarako lan egiten du normalean, eta iraganean itsasontziak mailakatuta aste osoan iristen baziren ere, gaur egun igande gauetan metatzen da beren jarduera. Euskal enpresen arraina hozkailu-kamioietan bidaltzen da bai Frantziatik bai Irlandatik, bertan jarduten baitute euskal ontziek.
2004an, Ondarroako enpakatzaileek “ONE-Ondarruko Neskatileen Elkartea” sortu zuten, “Ondarroako portuko neskatilen jardueraren garapena kudeatzeko, bai eta euren lanbidea hobetzen lagunduko zuten ekimen guztiak sustatzeko ere, lanbidea duina eta egonkorra izan zedin”.
Neskatilen kolektiboaren kezka nagusiak dira arrantza-sektorearen partetzat ez hartzea; Ondarroako portuaren egoera, arrain gutxiago sartzen delako; emakume horiek izaten dituzten eta gaixotasun profesionaltzat hartzen ez diren gaitzak; batez besteko adina ia 52 urtekoa izatea; eta lan-intrusismoa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)