Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorren Legea onartu du gaur. Proiektu horretan, hurrengo urterako gobernu-ekintzaren ardatz nagusiak izango dira funtsezko zerbitzu publikoen babesa, herritarren benetako arazoen arreta eta inbertsio eraldatzaileak. Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen, EAJ-PNVren eta PSE-EEren, babesa jaso du testuak.
Aurrekontu arruntaren zenbateko osoa 16.378 milioi eurokoa da, hau da, 2025ekoa baino % 4,1 handiagoa. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio “Euskadi Eraldatuz 2030” Euskal Finantza Aliantzaren plan estrategikorako jarriko diren 935 milioi euro —plan estrategiko horrek Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia modernizatzeko inbertsio eraldatzaileko proiektuak finantzatuko ditu—.
Osoko bilkuraren ostean, Noël d’Anjou sailburuak aditzera eman duenez, “urrats honekin, aurrera egingo dugu etorkizuneko Euskadiren eraikuntzan”. “Ziurgabetasun global handiak eta aldakortasun handiak markatutako garaiak bizi ditugu, baina gure konpromisoa irmoa da: ziurgabetasuna aukera bihurtzea eta ekonomia txiki baina dinamiko bat Europan erreferente izan daitekeela erakustea. Aurrekontu hauek dira hori lortzeko tresna”, adierazi du.
Helburu hirukoitza duen aurrekontua
Sailburuak aditzera eman du kontu publiko horiek konpromiso hirukoitz bati erantzuten diotela, eta partidetan argi eta garbi islatzen dela hori. Hauek dira:
- Zerbitzu publikoak indartzea. Baliabideen % 50 baino gehiago ongizate-estatuaren zutabeetarako jarriko dira: Osasuna (5.327 M€) eta Hezkuntza (3.346 M€), kalitatezko osasun eta irakaskuntza publikoaren aldeko apustua sendotuta.
- Pertsonak erdigunean jartzea. Herritarren kezka nagusiei erreparatuta, hazkunde handiena izan duten sailak etxebizitza (+% 6,8) eta segurtasuna (+% 6,4) izan dira. “Gure helburua da euskal herritarrek bizitza proiektu segurua eraiki ahal izatea eta etxebizitza duina lortu ahal izatea, Europa osoan gero eta handiagoa den erronka”, azaldu du d’Anjou sailburuak.
- Etorkizuneko eraldaketetan inbertsioak egitea. Aurrekontuak inbertsio publikoaren aldeko apustu irmoa islatzen du, 1.730 milioi euro baliabide propioetan, aurreko urtean baino % 12,4 gehiago. Era berean, I+G+Brako partida % 6,1 handiagoa da, eta 723 milioi euroraino igo da, berrikuntza bultzatzera begira, lehiakortasunaren motorra den heinean.
“Euskadiren benetako arazoekin konprometituta dagoen aurrekontu serioa, eta arduratsua dugu”, adierazi du sailburuak, eta erantsi du “gure herriaren etorkizunerako norabidea markatzen duen lehentasun argi baten emaitza” dela.
Legebiltzarrak aurrekontua onartzearekin, Eusko Jaurlaritzak 2026an bere proiektu politikoa gauzatzeko beharrezkoa duen finantza-esparrua ziurtatu du, gizarte-ongizatea bermatze aldera, egungo erronkei aurre egite aldera eta euskal ekonomia berritzaileago, jasangarriago eta erresilienteagoaren oinarriak ezartze aldera.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)