- Lehendakariak omenaldia egin die Estatu Batuetako hiri hau beren bizileku bihurtu zuten euskal herritarrei
Atzo Imanol Pradales lehendakariak New Yorkeko euskal komunitateari eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatu Batuen artean lotura egonkor eta iraunkorrak sortzeko lanarekin jarrai zezala. “Estatu Batuetan zuek gure antenak izatea nahi dugu, eta bidean sortzen diren aukerak guri identifikatzen laguntzea. Herrialdearen errealitateari pultsua hartzen laguntzea. Lotura egonkor eta iraunkorrak sortzen jarrai dezazuen nahi dugu, Euskal Autonomia Erkidegoak Atlantikoaren beste aldean ere baduen papera indartzeko eta, horrela, hobeto konektatuta egoteko", adierazi zuen.
New Yorkeko Euskal Etxean (Euzko Etxea) — euskal egoitzarik zaharrena kanpoan— egindako topaketan, Imanol Pradalesek Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere diasporaren arteko loturak indartzearen garrantzia azpimarratu zuen, "Euskadi Global" estrategiaren baitan. "Zubiak behar ditugu, ez hormak", esan zien.
Ez zen mezu bakarra izan. Estatu Batuetara egiten zuen lehen bidaia instituzionalean, Lehendakariak omenaldia egin nahi izan zion New York bere etxe bihurtu zuen euskal gizarteari. Arlo horretan, Valentin Agirre eta Benita Orbe bezalako pertsona garrantzitsuak gogoratu zituen; izan ere, haiek Ellis Island-era iritsi berriei edo Eusko Jaurlaritza, hain zuzen ere, New York hiritik abian jarri zuen Jose Antonio Agirre lehendakariari laguntza eskaini zieten.
Iragana gogoratzeaz gain, orainean eta etorkizunean jarri zuen arreta Lehendakariak, diasporarekiko lotura kultural, sozial eta ekonomikoak bizirik mantentzeko beharra azpimarratuz. "New Yorkek itxaropena eta aukerak sinbolizatzen ditu, hona iritsi ziren euskaldunentzat belaunaldiz belaunaldi egin duen bezala", adierazi zuen.
Brooklynen kokatutako Euzko Etxearen egoitzan bertan egin zen harrera-ekitaldian New Yorkeko euskal komunitatearen ordezkaritza handi bat bildu zen. Ordezkaritza hori bigarren eta hirugarren belaunaldien ondorengoek, hirian sustraiak bota dituzten herritarrek eta hainbat esparrutan ibilbidea izan duten migratzaile berriek osatzen zuten.
Bertan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias; Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusi Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza; eta Emakundeko zuzendari nagusi Miren Elgarresta. Era berean, kultura eta irakaskuntza arloko pertsona ospetsuak ere izan dira bertan, besteak beste, Juan Ignacio Vidarte, Miren Arzalluz eta Jon Azua.
Erreferente historikoa
New Yorkeko Euzko Etxea, 1913an sortua eta Brooklyngo Greenpoint auzoan kokatua, Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena da, eta mende luzez hiri horretan euskal kulturaren bilgune eta babesgune izan da.
Gaur egun, 40 bat euskal etxe daude Estatu Batuetan zehar, euskal komunitatearen presentzia handia duten eremuetan banatuta, hala nola Boisen (Idaho), Bakersfielden (Kalifornia) eta Renon (Nevada).
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)