Mugikortasun Jasangarriak politika publikoek kohesio sozialean duten eragina eta digitalizazioaren agerpena aztertuko ditu Green Urban Mobility foroan

Argitalpen-data: 


      greenurbanmobility.jpg
  • Jardunaldia Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak irekiko du, Estatuko idazkari José Antonio Santanorekin eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriarekin batera.
  • Saioan Bartzelonako alkateorde Laia Bonet-ek eta Budapesteko Garraio Zientzien Institutuko ikertzaile Vilmos Oszter-ek ere hartuko dute parte.

 

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Green Urban Mobility foroaren bigarren edizioa antolatu du datorren abenduaren 3rako, asteazkena. Foro horretan hainbat adituk eta administrazio publikoetako arduradunek hartuko dute parte, mugikortasunaren esparruko politika publikoek lurralde- eta gizarte-kohesioan duten inpaktua aztertzeko. Horrez gain, aztertuko den beste gai nagusietako bat izango da, digitalizazioaren iritsiera garraio publikoko zerbitzuak planifikatzeko garaian.

Jardunaldia Gasteizko Europa Jauregian egingo da, eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak inauguratuko du, Arabako hiriburuko alkate Maider Etxebarriarekin eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatuko idazkari José Antonio Santanorekin batera.

Ondoren, García Chueca Laia Bonetekin arituko da solasean. Laia Bonet Bartzelonako Udaleko lehen alkateordea eta Hirigintza, Ekintza Klimatikoa, Mugikortasuna, Auzoen Plana eta Hiri Zerbitzuen arloko arduraduna da, eta TMBko (Bartzelonako Garraio Metropolitarrak —Hiriko metroan eta autobusetan dihardu—) presidentea. Elkarrekin garraio publikoaren plangintzaren eta sustapenaren inguruko esperientziak trukatuko dituzte.

Lehen mahai-inguruan parte hartuko dute Arabako Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren foru diputatu Jon Nogalesek, Budapesteko (Hungaria) Garraio Zientzien Institutuko ikertzaile Vilmos Oszter-ek, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Unai Martinek, —soziologian eta Ikerketa Biomedikoan eta Osasun Publikoan doktorea—. Mugikortasunak desparekotasun sozialak murrizteko orduan izan dezakeen inpaktuari buruz hitz egingo dute, baita garraio publikoak landa-eremuen eta hiri-eremuen artean, periferien eta hirien erdialdearen artean edo mugaz gaindiko eremuetan dauden aldeak zuzentzeko izan dezakeen zereginari buruz ere.

Trenbidearen Euskal Museoko zuzendari Juanjo Olaizolak tren eta tranbiako garraio publikoak denboran izan duen bilakaera eta gizartea eraldatzeko izan duen eginkizuna errepasatuko ditu.

Ondoren, digitalizazioak mugikortasuna eskuragarriagoa izateko duen rolari buruzko mahai-ingurua egingo da, garraioaren plangintzarako eta honen ingurumen-inpaktua murrizteko garaian datuak gero eta ugariagoak eta funtsezkoak direnean.

Mahai-inguru horretan parte hartuko dute Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioko Mugikortasun Jasangarriaren idazkari nagusi Sara Hernándezek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren zuzendari Sara Barrealek eta Vitoria-Gasteiz Mobility Lab Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuorde Miguel Angel Páezek itxiko du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)