Mikel Torresek uste du immigrazioa "tresna erabilgarria eta beharrezkoa" dela Euskadiren garapen ekonomikorako eta kohesio sozialerako

Argitalpen-data: 

20251219_Mikel_Torres_5.jpg
  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak migratzaileak laneratzearen alde egin du, “gure ekonomia hobetzeko eta lurralde bidezkoagoa, inklusiboagoa eta etorkizunekoa eraikitzeko aukera” delako

 

Mikel Torres Lehendakariordearen eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, immigrazioa “tresna erabilgarria eta beharrezkoa da Euskadi moduko herrialde industrializatuak gaztetzeko”. Are gehiago, eskatu du datozen urteetako erronka demografikoari aurre egiteko migrazio politika “ongi bideratu” behar dela, eta “gizatiarra eta eraginkorra” izan behar duela: “Sendotasun bat da aniztasuna, eta etorkinen laneratzea aukera bat da gure ekonomia hobetzeko, gizarte kohesioa indartzeko eta Euskadi bidezkoagoa, inklusiboagoa eta etorkizunekoa eraikitzeko”.

Torresek gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarrean egin duen hitzaldian adierazi du “behar ekonomikoa” dela enpleguan “modu ordenatuan, duinean eta lagundutakoan sartzea, baita erantzukizun soziala ere”. Gaur egun, atzerritar jatorriko pertsonak EAEko biztanleriaren % 14 inguru eta enplegu osoaren % 10 baino gehiago dira, eta gero eta presentzia handiagoa dute funtsezko sektoreetan; hala nola, industrian eta eraikuntzan. Gainera, migranteak diren landunen % 60 inguruk lan kualifikatuak egiten ditu, eta horrek agerian uzten du gero eta ekarpen garrantzitsuagoa eta askotarikoagoa egiten dietela euskal ekonomiari.

Euskal ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetan eskulan falta dagoela ohartarazi du Mikel Torres Lehendakariordeak, eta gogorarazi du Lanbideren Enplegurako Behatokiak ohartarazi duela egoera hori “larriagotu” egingo dela datozen hamar urtetan, 680.000 lan aukera sortuz, horietatik % 86 erretiroei lotuta.

“Langileen eskaria ez da gaur egun eskuragarri dagoen biztanleriarekin betetzen, ez kopuruan, ez profil profesional jakin batzuetan, eta horrek zailtasunak sortzen ditu hazteko eta, kasu batzuetan, jarduerari eusteko”, adierazi du Torresek.

Ildo horretan, uztailaz geroztik, atzerritarren hasierako lan baimenen transferentziaren esparruan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 9.674 erregularizazio eta baimen eskaera jaso ditu, bai sustraitzeagatik, bai beste bide batzuetatik, era honetan banatuta: 1.488 eskaera erregistratu dituzte Araban, 5.295 Bizkaian eta 2.891 Gipuzkoan. Bestalde, jatorrizko herrialdeetako kontratazioak 1.760 izan dira.

Lau ardatz

Zailtasun horien aurrean, Lehendakariordeak ziurtatu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lau ardatzen inguruan antolatzen dituela bere politikak: enplegu zerbitzu publikoetarako sarbide unibertsala, erregularizaziorako eta enplegurako Estatuko arau esparrua baliatzea, migraziorako eta lan mugikortasunerako bide antolatu eta seguruak diseinatzea, eta inklusioarekin lotutako laneratzea.

Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide mistoak nabarmendu ditu Torresek, parte hartzaileen % 40k beren egoera erregularizatzea ahalbidetu baitute, baita 18 hilabetetan enplegua lortzea ere: “Ibilbide integralen bidez ari gara egiten, lan eginez pertsonekin, enpresekin, gizarte erakundeekin eta inplikatutako administrazioekin koordinatuta”.

Era berean, Lehendakariordeak balioan jarri du Aniztasuna Integratzeko Estrategia egiten parte hartu duten enpresen inplikazioa, baliagarria izango delako “talentu erabilgarri guztia eta beharrezko laguntza” txertatzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)