- Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak amaiera eman dio Berritzelan Sarearen bigarren topaketari, eta berrikuntza zentzuduna, lankidetza eta inklusioa nabarmendu ditu Euskadiko enplegu-politika publikoen ardatz gisa
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak amaiera eman dio gaur Berritzelan Sarearen II. Topaketari. Bertan azpimarratu duenez, gune hau “ez da gaur ixten, sendotu egiten da”, konfiantza sortzeko, ezagutza partekatzeko eta enpleguaren eta inklusioaren erronka konplexuei elkarrekin aurre egiteko eremu baliagarria dela erakutsi baitu. “Gaur enpleguan eta inklusioan berrikuntzaz hitz egitea ez da luxua, ezta moda ere; herrialde gisa ditugun erronka sozial, ekonomiko eta laboralei erantzuteko egiturazko beharra da”, esan du.
Bere hitzaldian, Torresek azpimarratu du Berritzelan Sarea erakunde sare bat baino askoz gehiago dela: “Komunitate bat da, enpleguaren eta inklusioaren erronka handiak lankidetzan, enpatian eta zentzuzko berrikuntzan oinarrituta baino ezin direla landu uste duena”. Eta Eusko Jaurlaritzak lan-ildo horrekiko duen konpromisoa berretsi du: “Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik argi esan nahi dugu: berrikuntza enpleguan eta inklusioan lehentasun politikoa da. Herri kohesionatuago, lehiakorrago eta justuago bat eraikitzeko apustu estrategikoa dena”.
Lehendakariordeak azpimarratu du berrikuntza egiteak ez duela esan nahi gehiago egin behar denik, “hobeto eta beste era batera egin behar dela” baizik, eta honek inertziak zalantzan jartzea, finkatutako praktikak berrikustea eta esperimentatzera ausartzea eskatzen duela. Torresek Topaketan aurkeztutako esperientzia praktikoak baloratu ditu, Sareak benetako beharrei erantzun berriak emateko duen gaitasuna islatzen dutenak. “Berritzelan Sarea ez da erakusleiho bat, laborategi partekatu bat baizik”, ziurtatu du. “Espazio honetan jardunbide egokiak ez dira gordetzen, baizik eta partekatu egiten dira, beste ekimen batzuk inspiratzeko”.
Biztanleriaren zahartzeak, lan merkatuaren eraldaketak, trantsizio digital eta ekologikoak eta bazterkeria modu berrien agerpenak markatutako testuinguru honetan, Lehendakariordeak enplegu eta inklusio politika pertsonalizatuago, kolaboratiboago eta berritzaileagoen beharra defendatu du. “Berrikuntza zentzuduna behar dugu, eraginkortasuna ez ezik, ekitatea ere bilatzen duena, eta pertsonen bizitzan duen eragin positibo eta iraunkorragatik neurtzen dena”, azpimarratu du.
Berritzelan Sarea 2026 Ekintza Planaren aurrerapena asmo partekatu horren adibidetzat hartu da. Torresek nabarmendu duenez, plan hau “ez da bulego batetik sortu, baizik eta elkarrizketatik, kontrastetik eta Sarearen ibilbidean ikasitakotik, eta lankidetzatik eta irekitasunetik begiratzen dio etorkizunari”.
Lehendakariordeak eskerrak eman dizkie Berritzelan Sarea posible egiten duten pertsona eta erakunde guztiei, eta nabarmendu du Euskadik baduela “ekosistema sendo, konprometitu eta sortzaile bat enpleguaren eta inklusioaren eremuan”, non emaitzarik onenak “lankidetzatik eta elkarrekiko konfiantzatik lan egiten denean” lortzen baitira.
Koadernoko 0. zenbakia
Topaketan, Berritzelan Sarearen 0. Koadernoa aurkeztu da, Enplegu eta Inklusioko Erakunde Berritzaileen Sarea osatzen duten 59 erakundeen ikuspegia eta egindako lana jasotzen duena. Enpleguaren eta inklusioaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko berrikuntzak duen zeregin estrategikoa nabarmentzen du dokumentuak, 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez, zeinak berrikuntzaren garrantzia indartzen baitu politika publikoetan.
Koadernoa bi multzo handitan egituratuta dago: lehenengoan, enpleguaren eta inklusioaren berrikuntzari buruz ONCE, Orkestra eta Besaldi bezalako pertsona aditu eta erakunde erreferenteek egindako hausnarketak biltzen dira; bigarrenean, sareko kideek garatutako hamalau esperientzia berritzaile aurkezten dira, ekintzailetzatik eta prestakuntzatik hasi eta inklusio soziolaboral eta orientazio profesionaleraino.
Ekimen hauek agerian uzten dute jardunbide egokiak partekatzeko, ezagutza sortzeko eta enplegu-eredu inklusiboago, jasangarriago eta Euskadiren erronka sozial eta ekonomikoetara egokituago baterantz aurrera egiteko konpromiso kolektiboa.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)