Mattin Iñiguezek, Maider Redinek, Euskal Kayak Surf Selekzioak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak eta Ardi Moztaileen Euskal Selekzioak irabazi dituzte 2025eko Euskal Selekzioa sariak

Argitalpen-data: 

EUSKAL_SELEKZIONEN_GALA2025_ESC_0258.jpg

Euskal Selekzioak 2025. urtean zehar egindako jarduerak lehiaketen agenda biziak eta kanpo proiekzio gero eta handiagoak markatutako urtea utzi du.

  • 2025ean zehar Euskal Selekzioak 50 ekitaldi ofizialetan parte hartu du; 23 euskal federazioren zuzeneko inplikazioa eta 29 herrialdetako ordezkaritzen presentzia izan da.
  • Ibone Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, Euskal federazioen garrantzia azpimarratu du herri-nortasunaren erakuntzan: "Kirolariok eta teknikariok komunitatean eragiten duzue, kirolaren bidez. Alde batetik, euskararekiko duzuen konpromisoagatik. Eta, beste alde batetik, Euskal Selekzioen Ofizialtasunerako Agendarekin duzuen konpromisoagatik”.
  • Galan, Latxiro ere aurkeztu dute, Euskal Selekzioaren maskota berria, publikoarekin identifikatzeko eta harengandik hurbil egoteko sortua.

Mattin Iñiguez, Euskal Kayak Surf Selekzioa eta Maider Redin igerilaria izan dira 2025eko Euskal Selekzioa sarien protagonista nagusiak. Sari banaketa asteazken honetan izan da, Gasteizko Artium Museoan, Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) antolatutako ekitaldi batean. Helburua zen kirolari, selekzio eta federazioek Euskal Selekzioa nazioarteko lehiaketetan ordezkatzeko egiten duten lana, erdietsitako kirol lorpenak eta egindako ibilbidea aitortzea. Edizio honetan, Bereziki sariak Euskadiko Euskal Pilota Federazioak eta Ardi Moztaileen Euskal Selekzioak jaso dituzte.

Ekitaldian izan dira honako hauek: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Rosa Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzia, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) lehendakaria; Itziar Gonzalo de Zuazu, Bigarren diputatu nagusiordea eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontu saileko foru diputatua eta beste agintari eta ordezkari instituzional batzuk. Hitzorduak, halaber, kirol federazioak, kirolariak eta kirol federatuaren arloko ordezkariak bildu ditu, eta 2025ean Euskal Selekzioak gauzatutako jarduera ikusarazteko balio izan du. Urte hau, hain zuzen, lehiaketen agenda bizi batek eta kanpoko proiekzio gero eta handiagoak markatutakoa izan da.

Proiekzioa kategorian, Mattin Iñiguez parapentistarentzat izan da saria, maila goreneko nazioarteko probetan parte hartzeagatik, hala nola Red Bull X-Alps proban, munduko lehiaketarik zorrotzenetako batean. Hori oso lagungarria izan da Euskal Selekzioaren irudia nazioartean proiektatzeko, presentzia mediatiko urriko diziplina bati ikusgarritasuna emateaz gain.

Garaipenak saria Euskal Kayak Surf Selekzioak irabazi du, maila goreneko kirol ibilbidea sendotzen jarraitzen baitu. Taldeak munduko eta Europako tituluak lortu ditu, eta nazioarteko txapelketa nagusietan presentzia izan du modu jarraituan; hala, modalitate honetan erreferentzia da.

Bestalde, Ibilbidea sariak Maider Redin igerilariaren ibilbideari egin dio aitorpena, eta azpimarratu du kirolariaren iraunkortasuna, kirol bilakaera eta estatuko eta nazioarteko lehiaketetan duen presentzia jarraitua; gainera, emaitza garrantzitsu ugari lortu ditu.

Bide beretik, EKFBk Bereziki sariak eman dizkie Euskadiko Euskal Pilota Federazioari eta Ardi Moztaileen Euskal Selekzioari, euskal kirolaren nazioarteko proiekzioari egindako ekarpena aitortzeko eta kirol nortasunarekin lotura estua duten diziplinak zaintzeko, modernizatzeko eta zabaltzeko egindako lana aitortzeko.

Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, Euskal federazioen garrantzia azpimarratu du herri-nortasunaren erakuntzan: "Kirolariok eta teknikariok komunitatean eragiten duzue, kirolaren bidez. Alde batetik, euskararekiko duzuen konpromisoagatik. Eta, beste alde batetik, Euskal Selekzioen Ofizialtasunerako Agendarekin duzuen konpromisoagatik. Benetan sinisten dugu ofizialtasuna herri-nortasuna indartzeko, komunitate izaera sendotzeko, eta Euskadi nazioartean proiektatzeko palanka dela, eta federazioen ondoan izango gara".

Ekitaldian, Angel Gurrutxaga EKFBko lehendakariak urtearen balantze zehatza egin du, eta, hauxe azpimarratu du: “Euskal Selekzioa gaur egun kirol errealitate sendoa da, jarduera, egitura eta nazioarteko presentzia duena”, federazioen, talde teknikoen eta kirolarien lan etengabearen ondorioz. Gurrutxagak nabarmendu du 2025ean Euskal Selekzioak 50 ekitaldi ofizialetan parte hartu duela, eta 23 euskal federazioren zuzeneko inplikazioa eta 29 herrialdetako ordezkaritzen presentzia izan dela, eta datu horiek, bere hitzetan, “erakusten dute ez gaudela ideia sinboliko bati edo asmo teoriko bati begira, baizik eta benetako kirol proiektu bati begira, jarraitutasuna eta nazioarteko aitortza dituena”.

Aurrerapen horiek lan kolektibo eta koordinatu baten emaitza direla berretsi du EKFBko lehendakariak, eta, adierazi duenez, “Euskal Selekzio gisa nazioartean lehiatu daitezkeen federazioak gero eta gehiago izan daitezen aurrera egiten jarraitzea da orain erronka”, aukerak zabalduz eta pauso berriak ematea ahalbidetuko duten egiturak sendotuz. Era berean, saritutako pertsona eta erakundeak zoriondu nahi izan ditu, eta zera azpimarratu du: “Gaur saria jaso duten kirolariek Euskal Selekzioa definitzen duten ahalegina, iraunkortasuna eta balioak ordezkatzen dituzte, eta kirol federatuak daukan mailaren eta potentzialaren adibiderik onena dira”.

Gainera, galan, Latxiro ere aurkeztu dute, Euskal Selekzioaren maskota berria, publikoarekin identifikatzeko eta harengandik hurbil egoteko sortua. Izen laburra du, eta euskaraz zein gaztelaniaz erraz ezagutzen da. Latxa erroa du eta kirolari keinu bat egiten dio (kiro), Euskal Selekzioaren nortasun, kirol eta proiekzio sozialaren arteko lotura indartuz. Maskota datozen asteetan jarriko dute salgai.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)