- Gai Orokorren Kontseiluak Europako Kontseiluari eskatu dio bere ondorioen artean Europako Batzordeak Atlantikorako makroeskualde-estrategia bat egiteko mandatua txerta dezan
- Europako Kontseiluak sustatu eta onartutako lankidetza-esparru berriak aukera berriak irekiko ditu Euskadiren interesentzat, besteak beste, konektibitateari, berrikuntzari edo berrindustrializazio-politikei dagokienez
- "Euskadiri eragiten dioten erabakiak hartzen diren mahaietan egon behar dugu", defendatu du askotan lehendakariak
Eusko Jaurlaritzak defendatutako Makroeskualde Atlantikoa eratzeko proiektuak urrats garrantzitsua egin du Europako Kontseiluaren barruan, 2027an gauzatu ahal izateko eta, era horretan, Euskadiren interesetarako inbertsio-aukera berriak berrikuntzarekin, konektibitatearekin edo berrindustrializazio-politikekin lotutako gaietan, besteak beste, Europako funtsen lerrokadura eta optimizazioa erraztuz.
Atzon Bruselan bildu zen Gai Orokorren Kontseiluak (GOK) Europako Kontseiluari eskatu dio abenduaren 18an eta 19an egingo duen hurrengo bileraren ondorioetan Europako Batzordeak Europar Batasuneko makroeskualde-estrategia bat egiteko mandatua txerta dezan. Lortutako akordioa aurrerapauso esanguratsua da 2027an gauzatu litekeen Makroeskualde Atlantikoaren proiektua konfiguratzeko.
Irrikatutako Makroeskualde Atlantikoa sortu ahal izateko urrats berria da. Makroeskualde Atlantikoa Europako Kontseiluak bultzatutako eta onartutako lankidetza-espazio bat da, eta Euskadik Europan dituen interesen eta eraginaren defentsa indartzea du helburu. Espazio horren konfigurazioa funtsezkoa izango da euskal interesak ardatz atlantikoaren barruan defendatzeko, sinergiak bilatzearen bidez erronka komunei aurre egitea baitu helburu. Izan ere, Makroeskualde Atlantikoak lurralde atlantikoen arteko lankidetza eta inbertsioak bultzatzeko esparrua izan nahi du, erronka komun horiei lankidetza publiko-pribatuaren eta maila anitzeko gobernantza baten bidez erantzun ahal izateko. Gobernantza horretan, botere politikoek modurik eraginkorrenean esku hartuko dute une bakoitzean.
Eusko Jaurlaritzak 2020. urteaz geroztik bultzatu du asmo hori, eta Imanol Pradales lehendakariak askotan aldarrikatu du. Izan ere, adierazi duenez, "Euskadik euskal herritarren interesak jokoan dauden lekuetan egon behar du. Zuzenean eragiten diguten erabakiak hartzen diren mahaietan egon behar du. Erabaki horien ardura duten pertsonekin egon behar du, eta konplizitateak eta aliantza politikoak ehundu behar ditu”. Mezu hori bera helarazi zuen Frantziako Gobernuko Itsasorako eta Arrantzarako ministro ordezkari Catherine Chabaudekin azaroan egindako bileran. "Euskadi ezin da Europako periferian egon", adierazi zuen Frantziako buruzagiaren aurrean.
Espainiak, Frantziak, Irlandak eta Potugalek Europako Kontseiluaren hurrengo bileraren ondorioetan Makroeskualde Atlantikoaren sorkuntzari buruzko aipamen bat txertatzea proposatu dute: “Europako Kontseiluak Batzordeari eskatzen dio estatu kideekin lankidetzan 2027ko ekainerako Europar Batasuneko Atlantikorako makroeskualde-estrategia bat egin dezan Itsas Estrategia Atlantikoa eta Atlantikoko Ekintza Plana kontuan hartuta”.
2020az geroztik
Euskadik, Arku Atlantikoko Batzordearen Presidentetzatik eta Lisboa e Vale do Tejo eskualdearen Presidenteordetzarekin batera, Makroeskualde Atlantikoa onartzeko estrategia zuzentzen du 2020ko ekainaz geroztik. Proiektu horri esker, Europako ardatz atlantikorako estrategia komun bat zehaztu ahal izango da —lehentasunak eta trakzio-proiektuak—, eta funtsak eta ahaleginak lerrokatu eta optimizatu ahal izango dira. Arku Atlantikoko Batzordeak 2025ean Sevillan egindako Batzar Nagusian, Makroeskualde Atlantikorako ‘ibilbide-orri’ bat onartu zen. Ibilbide-orri horrek proiektu enblematikoak eta epe luzerako baliabideak bermatuko dituen maila anitzeko gobernantza-eredu bat zehazten ditu.
Makroreskualdearen helburua da eskualde atlantikoari Europako agendan agerikotasuna ematea eta eskualdea agenda horretan birkokatzea, eta Europar Batasuneko politikak lurraldeka lantzea, Atlantikoko gobernu-maila guztien eta eragile ekonomiko eta sozialen erabateko parte-hartzearen bidez. Gainera, Makroeskualde Atlantikoaren proiektuak EBko fatxada atlantikoaren konfigurazio berria bultzatzen du, EBtik kanpoko Europako lurralde atlantikoak barnean hartuta eta Atlantikoaz haraindiko eragileak elkartuta (Quebec, adibidez).
Azken batean, Makroeskualdeak esparru instituzionalizatu egokia eskaintzen du estrategia partekatu batean oinarrituta lurralde atlantikoen arteko nazioz haraindiko lankidetza indartu baterako, eta lankidetza horren dimentsio politikoa areagotzea eta lekuan bertan benetako ekintza-palanka gisa jardutea ahalbidetzen du, eremu atlantikoa eraginpean hartzen duten gertaerei erantzunez.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)