Joan den ekainaren 5ean, ostegunez, Amurrio Antzokiak arratsalde ahaztezina bizi izan zuen “MAITIA” antzezlanaren eskutik, Amurrioko Adinekoen Kontseiluak osorik sortu eta antzeztutako lana.
330 ikusle baino gehiago bildu ziren aretoan, eta sarrera guztiak agortu ziren, doako ekitaldia izan arren. Hori adierazgarri da: herritarren interesa eta babesa handia da halako ekimenekiko.
“MAITIA” ausardiaz beteriko obra da, emozioz, goxotasunez, umorez eta musikaz betea. Maitasunaz hitz egiten digu bere adierazpen guztietan: bikotekideen artekoa, lagunartekoa, bizitzarekiko, lurraldearekiko, oroitzapenei eta norberarekiko maitasuna. Baina, batez ere, aldarrikapen sakon bat da: adinekoek ere amestu, sentitu eta maitatu egiten dute, betiko intentsitate berarekin, askotan ikusezin bihurtu nahi dituzten arren.
Adinekoen Kontseiluak berriz ere erakutsi du kulturaren aldeko konpromiso bizia eta parte-hartzailea. Eszenatokia memoria, duintasun eta orainaldirako gune bihurtu dute. Interpretazio koral, natural eta zintzo baten bidez, ikus-entzuleak hunkitu dituzte eta mezu argia zabaldu: adinak ez du partekatzeko, sortzeko eta hunkitzeko grina murrizten.
Amurrio, Euskadi Lagunkoia sareko udalerri bezala, urrats sendoak ematen ari da adinekoen parte-hartze aktiboa bultzatzeko eta haien ekarpena kultura eta komunitate bizitzan ikusgai egiteko. Antzezlan hau argi eta garbi erakusten du: sormenak eta esperientziak eskutik helduta, begiradak eraldatu ditzakete.
Ekitaldian bertan izan ziren Txerra Molinuevo alkatea, Eusko Jaurlaritzako Bizitza Betearen aldeko Esku-hartze Saileko zuzendari Marian Olarrabieta eta Euskadi Lagunkoia sareko ordezkariak, eta guztiek nabarmendu zuten halako ekimenek duten garrantzia ingurune lagunkoiago, inklusiboago eta gizatiarragoak eraikitzeko bidean.