Kultur ondareaz ari garenean, denbora zeharkatzen duten aztarnetan, orainarekin elkarrizketan ari diren iraganeko ahotsetan eta identitate kolektiboari forma ematen dioten testigantzetan pentsatzen dugu. Eta gizarte baten memoria gordetzeko ahalegin horretan, liburutegiek zeregin ordezkaezina betetzen dute.
Oroimenaren zaintza
Apalategi eta gordailu espezializatuen artean, liburutegiek liburuak baino askoz gehiago gordetzen dute. Antzinako eskuizkribuak, argitalpen historikoak, ikus-entzunezko artxiboak, argazkiak, tokiko prentsa eta komunitateen eta kulturen bilakaera kontatzen duten dokumentu paregabeak gordetzen dituzte. Zaindutako pieza bakoitza historia-zati bat da eta, erakunde horiei esker, bizirik eta eskuragarri dago.
Sarbide irekia eta demokratizazioa
Zainketak ez luke zentzurik izango eskuragarritasunik gabe. Hori dela eta, liburutegiak ez dira altxor dokumentalak gordetzera mugatzen eta pertsona guztien eskura jartzen dituzte. Ikertzaile espezializatuetatik jakin-mina duten herritarretaraino, edonor hurbil daiteke funts horietara eta bertan erantzunak, erreferentziak edo inspirazioa aurkitu. Horrela, ondarea gutxi batzuen esku geratzea ekiditen da, sarbide irekia eta bidezkoa bermatuz.
Teknologia oroimenaren zerbitzura
Eraldaketa digitalak kontserbaziorako aukera berriak zabaldu ditu. Digitalizazioaren bidez, liburutegiek beren bildumak higadura fisikotik babestu eta muga geografikoak gainditzen dituzten publikoetara helarazten dituzte. Munduko edozein lekutatik eskura daitezkeen online katalogoek, gordailu digitalek eta artxiboek kontsulta-aukerak biderkatzen dituzte.
Kulturako gune biziak
Gordailu estatikoak izatetik urrun, liburutegiek kultur ondarea dinamizatzen dute. Erakusketa, tailer, hitzaldi eta hezkuntza-programen bitartez, funts historikoak hurbiltzen dizkiete herritarrei, esperientzia partekatua bihurtuz. Hala, dokumentuak gordetzeaz gain, biziberritu ere egiten dituzte, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa sortuz.
Etorkizunaren zaindariak
Liburutegiak identitate kolektiboari eustsi eta belaunaldi berriei transmititzen dieten kultur motorrak dira. Gordetako dokumentu, digitalizatutako artxibo eta antolatutako kultur jarduera bakoitzak memoria ez desagertzen laguntzen du.
Horregatik liburutegi batera egiten den bisita bakoitza historiarekiko topaketa ere bada. Bere bildumetan gure aurrekoen ahotsak eta etorriko direnak argitzen jarraituko duen ondare baten promesak dardar egiten du.