Lekeitioko Lagunkoia Taldeak berriro ere auzolana eta sormena uztartu ditu herriko espazioak atseginago bihurtzeko. Oraingoan, Santa Elena ermitako Ateartean ekintza berria gauzatu dute: Sosoaga doladan dagoen eraikinaren atean irudi adierazgarri eta errotulua margotu dituzte, Auzolan eta Lekitto Bedarra taldekoen laguntzarekin. Horrez gain, sarrerako eskailerak garbitu eta hormak margotu dituzte, espazioari bizitasun berria emanez.
Eraikin barruan ere lan handia egin dute: Euskal Herriko dolada zaharrenaren hormak lijatu eta berpintatu dituzte, garbitasuna eginez. Taldeak hiru ordu behar izan ditu ingurua erabat berritzeko. Lan hau guztia 2024an hasitako aurrerapausoaren jarraipena da, dolada bisitagarri mantentzeko helburuarekin. Gainera, Euskadi Lagunkoiaren logotipoa margotu dute, urriaren 1ean ospatuko den Nagusien eguneko ibilbidean erakusteko.
Bestalde, prest dute jada Nagusien Egunaren kartel berria. Aurten, programan Robert Redfordi omenaldia egingo dion pelikula gehitu dute. Ibilbidea oso polita izango da, aurretik izena eman beharrik gabe, eta bidean pare bat sorpresa eder izango dira. Bazkarirako ere animatu nahi dute jendea: herriko zein eskualdekoak (Lea Artibai eta Busturialdekoak), guztiak ongi etorriak izango dira.
Zinema ere protagonista izan da: asteazkenean eskainitako El Inconveniente pelikula arrakastatsua izan da, 40 bat lagunek parte hartu dute. Gaur egungo errealitatearekin bat datorren gaia jorratu zuen –etxe garestiak– baina humore beltzaren ukitua eta aktore bikainak protagonista zirela. Datorren asteazkenean, "Dos hombres y un destino" pelikula izango da, Adinekuen Egunari amaiera bikaina emateko.
Amaiera ezin hobea izan da: partaideek eurek ekarritako gozoekin ospakizun giroa borobildu dute.
Guztion artean, Nagusien Nazioarteko Eguna ospatzeko modu hobea topatzen ari dira Lekeition!