Lekeitio Lagunkoia taldeak urri berezia bizi izan du, jarduera ugariz betea. Helburua argia izan da: adinekoen parte-hartzea, auzolana eta herriko ondarearen balioa sustatzea. Hilabetean zehar ibilbide gidatuak, hitzaldiak eta auzolan ekintzak uztartu dira, taldearen dinamismoa eta herritarren inplikazioa agerian utziz.
Nagusien Eguna: ibilbide gidatua eta tokiko historia ezagutzeko aukera
Urriaren 1ean ospatu zen Nagusien Eguna, eta 20 lagunek parte hartu zuten Lagunkoi taldeak antolatutako ibilbide gidatuan. Bisita honek auzolan bidez atondutako hainbat txoko ezagutarazi zituen: Argaizto parkean egindako lanak azaldu ziren, eta San Andreseko lorategiak bisitatu ziren auzoaren historia ezagutzeko.
Ibilbidearen amaiera Santa Katalinako aterpean egin zen, Pipas txakolina dastatuz eta Anton Onaindiarekin solasaldi atsegina partekatuz. Ondoren, parte-hartzaileek bazkari ederraz gozatu zuten Jubilatuen jatetxean. Eguneko albisterik onena: taldera hiru kide berri batu ziren!
Uriarte Jauregia eta familiaren historia ezagutzeko topaketa
Urriaren 4an, ehun lagunetik gora bildu ziren Uriarte Jauregiko aurrean Nagusien Eguna ospatzeko ekitaldi nagusian. Julián Arratek Lagunkoi taldearen jardunari eta funtzionamenduari buruzko azalpenak eman zituen, auzolanera batzeko gonbita luzatuz.
Bestalde, Pilar del Vallek —familia horretakoa, Historia eta Artean lizentziatua eta Nafarroako Gobernuko museo zerbitzuetan lanean— jauregiaren historia erakargarria azaldu zuen XI. mendetik gaur arteko ibilbidea eginez. Bere ahizpa Gentzaren laguntzaz, familiaren artxiboetatik ateratako dokumentuak eta irudiak erabili zituen, eta parte-hartzaileek arreta handiz jarraitu zuten azalpena.
Garraitx irlako altxorrak, denboraren bankuaren bidez
Urriaren 15ean, Lekeitioko denboraren bankuak antolatutako bigarren ibilbidea egin zen Garraitx irlara. 35 lagunek hartu zuten parte, Atabaka elkarteko Guillermo Ruiz de Erentxunen gidaritzapean.
Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek irlako historia eta bitxikeriak ezagutu zituzten: San Nikolas ermita, militar kuartela, polboriña eta kanoiak zeuden tokia… Amaiera tontorrean egin zen, Gipuzkoako kostalde osoko ikuspegi zoragarriekin. Denboraren bankuko ohiko jardueretako bat izan zen, eta parte-hartzaileek esperientzia oso positibotzat jo zuten.
Auzolana: musika kioskoaren barandila berrituz
Urriaren 20an eta 24an, Lagunkoi taldeak Auzolan ekintza berria burutu zuen, Independentzia Plazako musika kioskoaren barandila zaharberritzeko.
Lehenengo jardunaldian zazpi bolondres aritu ziren lanean, garbitzen, lijatzen eta babes-pintura ematen, profesionalen aholkularitzarekin. Halaber, Lagunkoi logoa jarri zen biltegiko atean, eta bigarren jardunaldian amaierako data gehitu zen.
Urriaren 24an pintura-kapa finala eman zen, eta auzolanaren giroa eta lankidetza nabarmenak izan ziren.
Lekitto Bedarrak eta auzolana: tradizioa eta jasangarritasuna bat eginda
Urriaren 25ean ospatu zen Usotegi Eguna, Lekitto Bedarrak taldeak antolatuta, bere XI. edizioan.
Bertako produktuen salmentaz gain, aurten auzolan ekintza berezia egin zen: ortuko hesia berritu zen, Letraukuako konpost guneko materialekin.
Eguna aitzur jaurtiketarekin amaitu zen, non emakume zein gizon nagusiek parte hartu zuten, eta sariak inguruko denda eta tabernek eskaini zituzten.