Leioak nahi gabeko bakardadearen aurka ekiten du, auzokideen arteko laguntza-sareekin

Argitalpen-data: 

Leioako biztanleriaren ia %30ak 60 urte baino gehiago ditu, eta udalerriak argi dauka: ez dute inor atzean utzi nahi. Horretarako, “Leioa Abian” programa abiatu du, komunitatean prebentzioa, detekzioa eta esku-hartzea sustatuz, gertutasunetik eta zaintzatik abiatuta.

Leioak 2024an egin zuen bat Euskadi Lagunkoia sarearekin, eta horren emaitza gisa, Lagunkoitasun Plana landu du, aurrera eramango diren ekintza-lerroak zehazteko. Ondoren, ekintza zehatzak garatuko dira eta prozesuaren, planaren eta hartutako neurrien eragina ebaluatuko da. Plan honen barruan kokatzen da nahi gabeko bakardadearen prebentzioa eta arreta.

Kafe batekin, elkargune berri baten hasiera
“Leioa Abian” programako ekintza nagusienetako bat dira astero antolatutako topaketak, kafe baten aitzakiarekin. Topagune hauek etxetik ateratzeko, beste pertsona batzuk ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, helburua da adineko pertsonek beraiek ere laguntza-sare honetako zutabe bihurtzea.

Programa Lamiako, Pinueta eta Txorierri auzoetan hasiko da, udalerri osoan laguntza-sare sendo bat eratzea helburu.

Elkar zaintzatik sortutako komunitatea
Apostu honekin, Leioak komunitate inklusiboago eta solidarioago baten aldeko urratsak ematen jarraitzen du, non adinekoek rol aktiboa duten eta zaintza partekatua den. “Leioa Abian” ekimenak nahi gabeko bakardadearen aurkako estrategia osatzen du, bakardadea pairatzen duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta herritar guztiei zaintzaren eta gertutasunaren garrantziaz kontzientziatzeko.