“Lehia erregulatzea ez da soilik kontu tekniko bat, baizik eta agindu etiko bat ere, aurrerabide ekonomikoa aurrerapen soziala ere izango dela bermatzea helburu duena”. Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk “bidezko lehiaren” garrantzia nabarmendu du, lehiaren aurkako jardunbideak, bazterketa ekonomikoa eta “erakundeekiko konfiantza ahultzea” saihesteko.
Ideia horiek oinarri hartuta, d’Anjouk “Udalerriak eta lehia” jardunaldia inauguratu du gaur Bilbon. LEA Lehiaren Euskal Agintaritzak eta MLBN Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak antolatu dute jardunaldia, EUDELen laguntzarekin.
Foro honetan ‘Toki-erakundeen eragina jarduera ekonomikoan’ txostena aurkeztu da. Txosten horrek aztertzen ditu erakunde horiek merkatuan esku hartzen dutenean errespetatu behar dituzten mugak. d’Anjouk nabarmendu duenez, “horrek hobekuntza-puntuak eta jardunbide egokiak identifikatzen laguntzen digu, eta, hain zuzen, horiei jarraitu behar zaie tokiko esku-hartzeak ekosistema ekonomiko lehiakorragoa eta efizienteagoa sortzen lagunduko duela bermatzeko”.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak “kudeaketa publiko arduratsuarekin” eta “lehia-ingurune zintzoa” sustatuko duten politikak bultzatzearekin duen konpromisoa.
Bere iritzian, gure udalerrietako jarduera ekonomikoa, neurri handi batean, toki-erakundeek hartzen dituzten erabakien eta ekintzen emaitza da. “Erabaki horiek inpaktua dute, zuzeneko eragile ekonomikoen gainean ez ezik —hala nola enpresa eta ekintzaileen gainean—, familien, herritarren eta, oro har, gizarte-sarearen gainean ere”. Horregatik, d’Anjouren ustez, funtsezkoa da toki-erakundeek rol aktiboa eta kontzientea hartzea, ez soilik garapenaren sustatzaile gisa, baita “gizarteko sektore guztiei mesede egingo dieten ekitatezko baldintzen bermatzaile gisa” ere. Testuinguru horretan, lehia erregulatzea “funtsezko zutabe gisa agertzen da”, nabarmendu du.
Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Ainara Herce LEAko presidenteak, Cani Fernández MLBNko presidenteak eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak, arlo honetan inplikatutako administrazioen eta eragileen artean planteatutako eztabaidari bide emateko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)