Lehenengo aldiz, Hego Koreako "Music for a Better World" nazioarteko jaialdia hartuko du Euskadik, azaroaren 14tik 17ra

Argitalpen-data: 

  • Kontzertu nagusia azaroaren 17an izango da, 19:30ean, Guggenheim Bilbao Museoan, punta-puntako hainbat interpreteren eskutik

Euskadi ‘Music for a Better World’ jaialdiaren eszenatokia izango da. Nazioarteko elkargune hau Hego Korean jaio zen, Nanse Gum maisu entzutetsuak bultzatuta, Garikoitz Mendizabal euskal musikariarekin eta Unai Urrecho zuzendariarekin batera. ‘Music for a Better World’ lelopean, musikaren eta dantzaren bitartez, jaialdi honek zubiak eraikiko ditu Ekialdearen eta Mendebaldearen artean, tradizioaren eta modernitatearen artean, memoriaren eta etorkizunaren artean, betiere bakea, identitatea eta gizatasuna sustatuz.

Jaialdiaren 2025eko edizioa, ‘World Peace Music Festival – Basque Country Edition’ deitutakoa, bihar aurkeztuko dute, Gernika-Lumon. Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak ekitaldia irekiko du, eta antolatzaile, artista eta gonbidatuei ongietorria emango die. “Musika hizkuntza unibertsala da, eta mugetatik harago hitz egiteko aukera ematen digu. Jaialdi honek kultur lankidetzarekin eta elkar ulertzearekin daukagun konpromisoa sendotzen du”, azpimarratu du Asier Aranbarrik.

Ondoren, Xabier Irujo genozidio eta memoria historikoan adituak, arteak eta musikak bakearen eta lankidetza globalaren tresna gisa duten zeregina aztertuko du, Raphael Lemkinek planteatutako genozidioaren jatorrizko kontzeptuarekin lotuz: kontzeptu honek ez du soilik sarraski fisikoa aipatzen, baita herri baten kultura, hizkuntza edo nortasuna suntsitzea ere.

Arestian aipatu bezala kontzertu nagusia astelehenean izango da, azaroaren 17an, 19:30ean, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan, eta ikuskizun horretan Euskadiko eta Hego Koreako interprete handiak taularatuko dira, beste batzuen artean, honako hauek: Yubin Ahn (klarinetea), Gorka Hermosa (akordeoia), Ikwhan Ji (gitarra), Hae Ji Kim (bibolina), Garikoitz Mendizabal (txistua) eta Josu Okiñena (pianoa). Dantza tradizionalaz Oinkari Dantza Taldea arduratuko da, eta Nanse Gum, Garikoitz Mendizabal eta Unai Urrechok elkarrizketa-gune batean parte hartuko dute, hain justu ere, herrien arteko elkar-ulertzerako tresna gisa musikak eskaintzen dituen aukerez arituko dira. Egitarauaren barruan, besteak beste, honako hauen lanak eskainiko dituzte: Aita Donostia, Marin Marais, Pablo Sarasate, Astor Piazzolla eta George Gershwin. Euskal konpositore garaikideek ere ahotsa izango dute, eta arestian aipatutakoekin batera, bertaratzen direnek Koreako ‘Arirang’ herri-kantaz ere gozatu ahalko dute. Beraz, bi kulturetako melodia eta sentsibilitateak uztartuko dituzte.

Jarduera instituzional eta akademikoak

Jaialdia osatzeko, elkargune instituzionalak eta jarduera hezitzaileak eskainiko dira:

Azaroak 14 (ostirala) – Gernika-Lumo eta Vitoria-Gasteiz

  • 10:45: Mahai-ingurua, jaialdia irekitzeko, Gernikako Kultur Etxean; ongietorria, Iratxe Momoitio (Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria); jaialdiaren hiru sustatzaileek parte hartuko dute. Dohakoa, aforoa bete arte, izena eman hemen.
  • 13:30: Koreako ordezkaritzaren bisita instituzionala, Bizkaiko Batzar Etxera.
  • 16:30: Bilera, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin, Vitoria-Gasteizen.

Azaroak 15 (larunbata) – Donostia / San Sebastián

  • Jarduera hezitzailea, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian: Nanse Gum irakaslearen masterclassa eta jaialdiko bakarlarien eskolak.

Azaroak 17 (astelehena) – Bilbo

  • 10:30: Harrera ofiziala, Koreako ordezkaritzari Bilboko Udalean; bilera, Juan María Aburto alkatearekin.

Hitzordua itxaropenarekin

World Peace Music jaialdiak bakea eta kulturen arteko lankidetza sustatzen ditu, musikaren eta artearen bidez. Gernikatik −erresilientziaren ikurra− Bilboko Guggenheimeraino −sormenaren ikurra− memoriaren eta etorkizunaren arteko sarea josten du, bakea notaz nota eraikitzen dela gogorarazten digu, eta gogoeta, elkarrizketa eta herrien arteko elkar-ulertzea sustatzea du helburu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)