Lehendakariaren Urte Amaierako Mezua

Argitalpen-data: 

Arratsalde on!

Ohartzerako, mende honen laurdena joan zaigu.

Gaur, agur esaten diogu 2025ari.

Urte honetan:

- Munduan ziurgabetasuna hazi egin da: Ukrainako Gerra, Gazako genozidioa, muga-zergak, populismoen eta autoritarismoen gorakada,

- Europak ez du bere norabidea zuzentzea lortzen, eta

- Pirinioen bi aldeetan ezegonkortasun politikoak gora egin du. Baita tentsioak eta polarizazioak ere, gobernagarritasuna konplikatuz.

2025 honek testuinguru kezkagarria uzten digu, bai, baina baita Euskadiren etorkizunari begira pozteko eta baikor egoteko arrazoiak ere:

- Osasun Ituna,

- Etxebizitzari lotutako lege eta neurri berriak,

- Ordenagailu kuantikoa,

- Talgoren itzulera,

- Euskal Lurralde guztien arteko elkarlana indartzea,

- Euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna, edo

- San Juan baleontzia uretaratzea.

Gogoan gordetzen dut, baita ere, Garaikoetxea lehendakariari eta haren Gobernuari egindako omenaldia.

Berak eskaini zuen telebistaz eman zen lehenbiziko ‘Gabon’ mezua. 1982an izan zen, Euskal Telebistaren lehen emisioan.

Mezu hartan, eraikitzen ari zen Euskadiri hitz egin zion. Eta berba bat nabarmendu zuen beste guztien gainetik: Itxaropena.

Gaurkoan, nirea egiten dut hitz hori.

Pertsona askok une zailak bizi dituzue:

- Bakarrik edo triste sentitzen zarete,

- Gaixotasun bati aurre egiten ari zarete,

- Senide edo lagun bat betiko agurtu duzue.

- Indarkeria matxista pairatzen duzue.

Zuei guztiei, lehen ‘itxaropen’ mezu hau.

 

Gaurko bigarren mezua etorkizun hobe baten bila Euskadira etorri zareten pertsona guztiei zuzentzen dizuet.

Mende honen hasieran 30.000 zineten; gaur, 300.000 baino gehiago.

Hizkuntza, kultura eta izaera propioa duen Herri batera heldu zarete.

Esfortzu, lan eta kolaborazio askori esker bere ongizatea eraiki duena.

Demokrazian oinarrituta, askatasuna eta segurtasuna eskaintzen dituena.

Kanpotik datozenak hartzen eta gure Herriaren parte izan nahi dutenak zaintzen dakien Herri batean zaudete.

Agirre lehendakariak honela esan zuen 1957ko Gabon-mezuan:

“Etxetik urrun bizi denak inork baino hobeto ulertzen du atzerrian tratu ona edo txarra jasotzea zer den”.

Eta gaineratu zuen:

“Gure herrira etortzen denari, gure lurra eta askatasunaren kausa bere egiten dituenari, errespetua eta maitasuna zor dizkiegu”.

Bat nator ikuspegi humanista horrekin: pertsona ororen duintasuna da goi-helburua. Eta hura lortzeko, gizarte-kohesioa eta integrazioa ezinbestekoak dira.

Bide konplexua da: konpromisoa eta exijentzia.

Norabide bikoitzeko bidea: eskubideak eta betebeharrak.

Izan ere, norberaren askatasuna albokoaren askatasuna defendatzetik hasten da. Hurkoarekiko eta komunitatearekiko erantzukizunaz ari naiz.

Batzen gaituena gara. Eta batzen gaituena partekatzen dugun espazio fisikoa baino askoz gehiago izan behar da.

Errespetua, berdintasuna eta elkarbizitza bezalako balioetan oinarritutako nortasunak batu behar gaitu.

Gure kulturan eta ongizate kolektiboan oinarritutako komunitate-bizitzak batu behar gaitu.

Euskadin hanka bat jarri duzue. Bestea ere jartzera animatzen zaituztet.

Euskadi, gure etxearen oinarriak errespetatzen eta sendotzen laguntzen duzuen guztiena da, edonondik zatoztela ere.

Baina ezin dugu bakarrik egin. Beharrezkoa da guztiok gorputz eta arimaz inplikatzea.

Horregatik, gaur, migratzaileen komunitateei dei egiten dizuet, batez ere komunitate horiek zuzentzen dituzuenoi, konpromiso kolektibo hau, eskubideen eta betebeharren espazio komun hau, aktiboki defendatu dezazuen.

Seguru naiz hala egingo duzuela.

 

Euskarari lotuta, bi hitz.

Euskaldun guztiok dugu gure herriko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta, askatasun osoz, horietan mintzatzeko eskubidea. Baita, eta nola ez! Gure hizkuntza propioan ere!

Baina badira helburu hori zapaldu nahi dutenak. Ibilitako bidean atzera egin nahi dutenak.

Inork ez du lortuko Euskal Herritarrok euskaraz aritzeko dugun helburua zapuztea, gure barren-barreneko nahia delako.

Eta jauzi bat ematera goaz.

2026ari ilusioz helduko diogu:

- Urte erabakigarria izango da gure etxea, euskal etxea, hobetzen jarraitzeko,

- Kalitatezko enplegu gehiago sortuko dituzten proiektu industrial eta teknologikoak bultzatzen jarraitzeko,

- Etxebizitza edo segurtasuna bezalako lehentasunei erantzuteko,

- Pertsona guztien osasunean edo ongizate integralean aurrera egiten jarraitzeko. Ongizate fisiko, emozional eta materiala.

- Edo, Euskadi munduan zehar hazten jarraitzeko.

Urte erabakigarria izango da, baita ere, gure autogobernua hobetzeko.

Baina, egungo errealitatea kezkatzekoa da.

Espainiako Gobernuak konpromiso argiak hartu zituen, baina oraindik ez ditu bete.

Momentu honek borondatea eta determinazioa eskatzen ditu. Eta ez dugu ez bata ez bestea ikusten aldebiko azterketara behar bezala iristeko.

Denbora gehiegi pasa da. Gure eginbeharra da Herri honek eman zigun agindua betetzea. Eta pazientzia agortzen ari zaigu.

Hemen ez gara eskumenez bakarrik ari. Dena eztabaida horretara mugatzea planteamendu faltsua eta sinplista izango litzateke.

Euskaldunok gure etxeaz arduratu nahi dugu. Horretarako, tresnak behar ditugu beste batzuen menpe ez egoteko.

Herri honen ardura dugunok helburua argi daukagu: gertu eduki eta senti gaitzazuela.

Euskadiri eragiten dizkioten erabakiak Euskadin hartu nahi ditugu. Horrela bakarrik izango gara gure buruaren jabe.

Erabakitzeko askatasuna eta hartutako erabakien erantzukizuna txanpon beraren bi aldeak dira.

 

Etorkizunari itxaropenez begiratzen diot.

“Askatasunak badauka herri honetan ereserki bat”, dio abestiak.

Datorren urteko urriaren 7an, Agirre lehendakaria buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatuko dugu.

Gobernu hark sentsibilitate ezberdinak elkartu zituen batzen gaituena indarrez defendatzeko: demokrazia, autogobernua eta euskaldunon askatasunak.

Euskadirekiko konpromisoaren eredu ere izan zen, eta gogorarazi zigun ezer ez dagoela bermatuta. Historiaren haizeek berriro kontra jo dezaketela.

Gure etorkizuna prestatzen jarraitu behar dugu, alarmismorik gabe, amore eman gabe eta determinazio guztiarekin.

Dugun onena emanez.

Asmatuko dugu. Ez dut inolako zalantzarik!

Konfiantza osoa dut gure Herriarengan.

Konfiantza osoa zuengan.

Onena opa dizuet 2026rako.

Zorionak eta Urte berri on!

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)