PRENTSA OHARRA
LEA/AVCk LEAk lehiaren arloko lehen konplimendu-programa finantzatzeko ETEentzako eta autonomoentzako laguntza deialdia egin du
EHUko Udako Ikastaroak Fundazioarekin konplimendu-programek lehiaren arloan dituzten onurei buruzko ikastaroa antolatu da ostiral honetarako, hilak 20
BILBOn, 2025eko ekainaren 17an
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) EAEn jarduera ekonomikoa egiten duten langile autonomo eta ETEentzako lehiaren arloko konplimendu-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratuko du. Deialdiak 20.000 euroko aurrekontua du.
Deialdi honen xedea da langile autonomoek eta ETEek lehiaren arloko compliance programak edo lehiarako azpiprograma espezifikoak lehen aldiz diseina eta ezar ditzaten sustatzea. Programa horiek ordenamendu juridikoaren beste eremu material batzuekin lotutako konplimendu-programetan txertatuko dira, baldin eta programa horiek dagoeneko ezarrita badituzte.
Dirulaguntza horietara 20.000 euro bideratuko dira guztira, eta pertsona edo erakunde onuradun bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezin izango da 10.000 eurotik gorakoa izan, ezta onartutako aurrekontuaren % 70etik gorakoa ere. Diruz lagun daitezkeen konplimendu-programak 2025ean diseinatu eta ezarri beharko dira.
Eskaerak modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira webgunean, uztaileko lehen astean EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik irailaren 30era arte. Pertsona edo erakunde interesdunek EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dituzte izapide guztiak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1258401
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC), EHUko Udako Ikastaroak Fundazioarekin batera, udako ikastaro bat antolatu du lehiaren arloko konplimendu-programen onurak ardatz hartuta. Ekainaren 20an izango da Miramar Jauregian (Donostia), eta arlo akademikoko eta garrantzi berezia duten hainbat enpresetako adituek hartuko dute parte.
Ainara Herce LEA/AVCko lehendakariak eta Aitor Zurimendi EHUko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak irekiko duten ikastaroak, hain zuzen ere, profesionalen eta akademiaren arteko topagune izan nahi du, betetze arloko azken garapenak, arriskuen kudeaketako jardunbide onenak eta gero eta lehiakorragoa den merkatuan enpresek dituzten erronkak aztertzeko.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Aurreko prentsa-oharrak ikusi.