LEA/AVCk iturriaren anonimotasuna blindatzen duen bere "Informazio-kanal Anonimoa" hobetu du

Argitalpen-data: 

logo

PRENTSA OHARRA


LEA/AVCk iturriaren anonimotasuna blindatzen duen bere “Informazio-kanal Anonimoa” hobetu du

LEA/AVCk lehiaren aurkako jardunbideak detektatzeko aukera emango duten informazio garrantzitsuak jasotzeko bere baliabideak indartzen ditu horrela. Kanala LEA/AVCren webgunean dago erabilgarri, “Izapideak” atalean.


BILBOn, 2025eko maiatzaren 15ean / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) hobekuntzak egin ditu bere Informazio-kanal Anonimoan (IKA), lehiaren aurkako jardunbideak detektatzea ahalbidetuko duten informazio garrantzitsuak jasotzeko bideak indartzeko. Herritarren eskura dagoen tresna bat da, lehiaren arloko balizko arau-hausteen berri duen edonork jakinaraz diezaion hori Lehiaren Euskal Agintaritzari.

 Informazio-kanal Anonimoa

IKAk ustezko arau-hausteari buruzko informazioa baino ez du jasoko, informatzailearen identitatea babestuz. Horrela, edozein pertsonak elkarreragin dezake LEA/AVCrekin modu anonimoan, zifratuan eta inolako datu pertsonalik eman gabe. Izan ere, herritarren lankidetza baliabide eraginkorrenetako bat da lehiaren arloko balizko arau-hausteak detektatzeko eta kontratazio publikoan iruzurra saihesteko.

Kanal hori LEA/AVCren webgunean dago erabilgarri, “Izapideak” atalean; bertan gida txiki bat ere argitaratu da, IKA noiz erabil daitekeen eta zer kasutan ezin den erabili, bai eta informazioa bidali ondoren zer prozedura jarraituko den ere modu errazean azaltzeko.

IKAren bidez informatu daitezkeen gaien artean, zantzu hauek dituzten egoerak aipatzen dira: (1) prezioak edo merkataritza- edo zerbitzu-baldintzak finkatzeko akordioak; (2) lizitatzaileen arteko akordioak eta harremanak, kontratazio publikoko prozeduretan lehia aldatzeko; (3) bezeroen edo merkatuen banaketak enpresen artean; (4) ekoizpenaren edo banaketaren mugaketa, enpresa edo pertsona kontsumitzaileei justifikatzerik ez dagoen kaltea eraginda; (5) produktuak erosteko edo zerbitzuak emateko eskaerei ezetz esatea, horretarako arrazoirik eman gabe; (6) baldintza ezberdinak ezartzea prestazio baliokideetarako, eta horrek enpresa batzuei desabantailak eragitea beste batzuen aurrean; (7) kontratuak hitzartu ahal izateko beste prestazio osagarri batzuk eskaintzeko baldintza jartzea, baldin eta kontratuen xedearekin zerikusirik ez badute edo Lehiaren Defentsari buruzko Legearen 1., 2. eta 3. artikuluetan jasotako lehiaren aurkako beste edozein jokabide onartzearen mende jartzea.

LEA/AVCri buruz

LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.

LEA/AVCren Informazio-kanal Anonimoa (IKA): www.competencia.euskadi.eus/kanalanonimoa