LEA/AVCk BBVAk Sabadellen gainean egindako EEPa Euskadiko lehiarako ez dela arriskutsua ondorioztatu du

Argitalpen-data: 

PRENTSA OHARRA

Lehiaren Euskal Agintaritzak nabarmendu du eraginik garrantzitsuena Gipuzkoan izango litzatekeela, bategiteak finantza-merkatuko segmentu jakin batzuetan kontzentrazio handiagoa sor lezakeelako.

 

2025eko urtarrilaren 31

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) txostena eman du BBVAk Banco Sabadelli buruz egindako erosteko eskaintza publikoari (EEP) buruz. Dokumentu honek ondorioztatzen du EEPk ez duela, a priori, nagusitasunezko egoeran jartzen ondoriozko erakundea, ez autonomia-mailan, ez lurralde historiko bakoitzean. Hala ere, ohartarazi du banku-merkatuaren lehia-tentsioa murriztu dezakeela, batez ere enpresa-kredituaren segmentuan.  

Lehiaren Euskal Agintaritzak ondorio horiek atera ditu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (MLBN) irekitako espedientearekiko independenteak diren zenbait datutan oinarrituta, horretara ez baitu sarbiderik, ez diolako zuzenean eragiten. Euskadiko banku-sektoreari buruzko datuak bildu ditu, eta BBVAren eta Sabadellen arteko kontzentrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakideen kopurua murriztea ekarriko lukeela ondorioztatu du. Horrek lehia-tentsioa murriztu dezake. Horregatik, bat-egiteak enpresa-kredituaren segmentuan dituen ondorioei arreta berezia jartzeko eskatu du, segmentu horretan hauteman baita eragin handiagoa. Batez ere Gipuzkoan, entitatearen kuota % 35,85era iritsiko bailitzateke. Hala ere, Europako Batzordeak ustezko merkatu-botere bat aztertzeko erabiltzen duen % 40ra ez litzateke ailegatuko.

LEA/AVCren txostena hainbat alderditan oinarritu da. Lehenik eta behin, BBVAk egoitza Bilbon izatea eta Banco Sabadellek iraganean Banco Guipuzcoano bereganatu izana, lurralde horrekin lotura berezia zuena. Sukurtsalen kopuruari ere erreparatu dio: Euskadik 972 banku-bulego ditu, 147 udalerritan banatuta; horietatik 103 BBVAri dagozkio, eta 49 Sabadelli. Beraz, guztien % 15,6 izango lirateke, Kutxabankek (% 26,4) eta Laboral Kutxak (% 17,4) biltzen dutena baino ehuneko txikiagoa. Eta, zehazki, udalerri batean jartzen du arreta: Mutrikun, non ateratzen den bankuak % 50eko merkatu-kuota izango bailuke bulegoei dagokienez. Hala eta guztiz ere, bat-egitea ez litzateke arriskutsua izango merkatuaren funtzionamendu lehiakorrerako.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia, eta independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du bere jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Helburua da merkatuan lehia askeko eta gardentasuneko baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez.