
PRENTSA OHARRA
LEA/AVCk 200 profesional bildu ditu kontratazio publikoaren arloko lehia babesteko jardunbide egokiei buruzko jardunaldi batean
José Enrique Corchón Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak itxi du jardunaldia.
BILBOn, 2025eko maiatzaren 29an
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) lehiari eta kontratazio publikoari buruzko jardunaldi bat egin du gaur goizean Bilbon. Estatu osoko administrazio eta erakunde publikoetako 200 profesional inguru bildu ditu –aurrez aurre eta online–. LEA/AVCk lehentasunezkotzat jotzen du erosketa publikoan lehia handitzeko beharra azpimarratzea eta lehiaren aurkako portaeren zantzuak antzematea.
Ainara Herce LEA/AVCko lehendakariak eman dio hasiera saioari, eta LEA/AVCko profesionalen beste hitzaldi batzuk ere izan dira. Hitzaldi horiek gai hauek izan dituzte ardatz: lehia bultzatzen duten kontratu eta lizitazio publikoak diseinatzeko jardunbide egokiak, eta lizitazioetan lehiaren aurkako jardunbideak antzematea.
Irekierako hitzaldian LEA/AVCko lehendakariak lehia-zuzenbidearen eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen arteko harreman estua azpimarratu du, bai eta Lehiaren arloko agintaritzek eta arlo horretan erantzukizuna duten pertsonek erosketa publikoaren arloko lehia babesteko diseinatu eta izapidetu behar dituztela lizitazioak. “Esparru horien arteko elkarrekintza funtsezkoa da prozesu gardenak eta eraginkorrak bermatzeko eta merkatuan lehia eraginkorra sustatzeko”, azpimarratu du Ainara Hercek.
Gainera, LEA/AVCko lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela horrelako foro profesionalak egitea, horrela “lehia askea babesteko printzipio hori bermatzeko erantzukizuna dugunok, agindu hori nola bete behar dugun partekatu, eztabaidatu eta ikasi ahal izan dezagun, ez baitugu ahaztu behar konpetentziak denoi egiten digula mesede”.
Bertan aritu dira, besteak beste, lehia hobetzeko Kontratazio Publikoaren Zuzentarauen ebaluazioa egin duen Jugatx Ortiz González Europako Batzordeko unitate-buruaren ondokoak; Mª Luisa Araujo Kontratazioa Arautzeko eta Gainbegiratzeko Bulego Independenteko (OIReScon) presidenteak, eta Maria Begoña Arroitajauregui EAEko Kontratuen Errekurtsoen Administrazio Organoko (KEAO) titularrak.
Jardunaldia osatzeko, big rigging edo lizitazioetako iruzurraren eta horiek prebenitzeko eta detektatzeko gomendioen eta haien ondorioen inguruko mahai-inguru bat egin da, Ainara Hercek moderatuta. Kontratuen Legearen 150. artikulua eta kontratatzeko debekua aztertu dira, besteak beste.
Foroaren itxiera instituzionala José Enrique Corchón Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordearen eskutik etorri da. Sailburuordeak aditzera eman du kontratazio publikoa ez dela administrazioentzat beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko tresna hutsa, “hazkunde ekonomikoaren eta berrikuntzaren motorra ere bada”.
Ildo horretatik, zehaztu du lizitazioetan lehia sustatzen denean, prezio hobeak eta kalitate handiagoa lortzen direla eta operadore ekonomiko ugariren parte-hartzea sustatzen dela, enpresa txiki eta ertainak barne. Aitortu duenez, azken horiek “askotan kontratu horiek lortzeko oztopoei aurre egin behar diete”.
LEA/AVCri buruz
LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.