Lea Ibarrako Herri Lagunkoia taldea berraktibatuta itzuli da

Argitalpen-data: 

2025eko otsailetik aurrera, Lea Ibarrako Herri Lagunkoia taldea berriro hasi da lanean, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta eskualde lagunkoiago bat eraikitzeko helburuarekin. Taldea Lea Ibarrako udalerrietako ordezkariek eta mankomunitateko lehendakari zein gizarte-langileek osatzen dute.

Dinamika parte-hartzailea berreskuratzeko asmoz, taldeak hilero biltzen dira Gizaburuagan. Lehen urrats gisa, aurreko urteetako lana berrikusi dute, eta balorazio horretatik abiatuta, erronka nagusi batzuk identifikatu dituzte. Horiek modu eraginkorrean lantzeko, jarduera berriak jarri dituzte martxan. Gaur egun, bi lan-ildo estrategiko ari dira garatzen: osasun-zerbitzuekiko kezka eta Lea Ibilbidearen egoera.

Osasun-zerbitzuen inguruko kezka

Azken hilabeteetan, osasun-zerbitzuek hainbat zalantza eta kezka sortu dituzte eskualdeko herritarren artean, bereziki erabilgarritasunari, ordutegiei, larrialdi-protokoloei eta arreta espezializatuari dagokienez. Hori dela eta, Lagunkoia taldeak erabaki du Osakidetzari gutun bat bidaltzea, eskualdeko osasun-zerbitzuen egoera xehetasunez aztertzeko eta informazio ofiziala jasotzeko helburuarekin. Erantzuna jasotzen dutenean, informazioa Lea Ibarrako herritarrei helaraziko diete, gardentasuna eta eguneratutako informazioa bermatzeko. Azaldu dutenez, helburua da egoera argitzea eta hurrengo urratsak elkarlanean adostea.

Lea Ibilbidea: segurtasuna eta erabilera arduratsua

Bestalde, Lea Ibilbidea gero eta gehiago erabiltzen dela ikusita, Lagunkoia taldeak kartel informatiboak jartzea erabaki du, ibilbidearen segurtasuna eta erabilera arduratsua bermatzeko. Kartelek bi mezu nagusi izango dituzte: batetik, abiadura murrizteko gomendioa; eta bestetik, ingurunea garbi mantentzearen garrantziaz ohartaraztea. Gaur egun, kartelen diseinua lantzen ari dira eta horiek non kokatu erabakitzeko bidearen puntu estrategikoen azterketa egiten ari dira.

Herritarren parte-hartzea, funtsezko

Taldeko kideen esanetan, Herri Lagunkoia ekimena ez da diagnostikoak egitea soilik. Helburua da ekintza zehatzak abiatzea eta komunitate osoa prozesu horietan inplikatzea ikuspegi lagunkoitik. Horregatik, aurrerantzean ere herritarren ongizatea eta parte-hartze aktiboa sustatzen jarraituko dute, udalerri lagunkoiagoak eraikitzeko bidean.