2025eko bigarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa jaitsi da eta % 10en azpitik dago.
Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa (hau da, lan egiteko prest daudenen ehunekoa). Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak, ezta lan egin ezin duten ezgaituak ere.
Tasa horrek behera egin du 2025eko lehenengo hiruhilekotik bigarrenera, bai eta aurreko urteetan izandakoekin alderatuz gero, eta % 9,4koa da orain.
Ohi bezala, gazteen langabezia-tasa Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleriarena baino altuagoa da (tasa orokorra % 5,7koa da aurtengo bigarren hiruhilekoan).
Emakume gazteen langabezia-zifrak gizon gazteenak baino altuxeagoak dira (% 10,3 eta % 8,5 hurrenez hurren).
Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: “Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea".

