INEk emandako azken datuen arabera, Espainiako enpresa txiki eta ertainen % 6k soilik erabiltzen dute adimen artifiziala. Teknologia horiek enpresa eta ekintzaileei hurbiltzeko, Fundaek, SEPEk eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak antolatu dute “AAren eragina EAEko industrian eta zerbitzuetan” topaketa, eta, bertan, prestakuntza, kasu praktikoak eta networking-a eskaintzen dira.

Euskalduna Jauregiak gaurtik aurrera hartuko du “AAren eragina EAEko industrian eta zerbitzuetan” izeneko topaketa, adimen artifiziala eta teknologia berritzaileak enpresa txiki eta ertainetara, autonomoengana eta ekintzaileengana hurbiltzeko sortutako ekimena.
Bi egunetan zehar, parte-hartzaileek aukera izango dute hitzaldietan, erakustaldietan eta networking saioetan aritzeko. Horietan, adimen artifizialak negozio-prozesuak nola eraldatzen dituen, eraginkortasuna nola hobetzen duen eta euskal enpresa-ehunean abantaila lehiakorrak nola sortzen dituen ikusiko da. Topaketak aukera ematen du AAren benetako aplikazio-kasuak ezagutzeko, sektoreko liderrak zein merkatuak eraldatzen ari diren startup-ak entzuteko, eta enpresetan zuzenean inplementatu daitezkeen ideia praktikoak eskuratzeko.
Erakundeen arteko lankidetza eta prestakuntzarekiko konpromisoa
Ekitaldia Fundaek eta SEPEk antolatu dute, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren partaidetzarekin, eta ekimen horrek prestakuntza profesionalarekiko eta gaitasun digitalen garapenarekiko konpromisoa indartzen du.
Ekimen hori Universidad Pyme proiektuaren parte da, Next Generation funtsen bidez finantzatua, eta Espainiako ETEetan digitalizazioaren kultura sustatzea du helburu. Universidad Pymek lan-bizitzan zehar gaitasun digitaletako prestakuntza eskaintzen du (upskilling eta reskilling), eta baliabideak eta praktika onak ematen dizkie enpresei zein profesionalei eraldaketa digitalaren erronkei aurre egiteko.
Inaugurazioan honako hauek parte hartu dute: Antonio de Luis (Fundaeko zuzendari gerentea), Gerardo Gutiérrez Ardoy (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia) eta Francisco Pedraza (Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia). Era berean, CCOO Euskadi, UGT Euskadi eta Confebask-eko ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian. Urriaren 2ko itxiera Alfonso Gurpeguik (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordea) eta Antonio de Luisek egingo dute.
Gainera, jardunaldi hauetan Universo Startup lehiaketa ere egiten da, non startup berriek beren proiektuak aurkezten dizkieten inbertitzaile eta adituei. Halaber, “Adimen Artifiziala 4.0 Industrian” izeneko mahai-ingurua egin da, eta Arantxa Niño (Lanbideko Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria) moderatzaile aritu da.
Bilboko Universidad Pyme jardunaldietan parte hartzen duten hizlari batzuk hauek dira: Álex Rayón (Brain & Code, S.L.-ko CEOa), Laura Marrón (Euskal Adimen Artifizialaren Zentroko zuzendari nagusia, BAIC), Francisco Miguel Sánchez Margallo (Jesús Usón Inbasio Minimoko Kirurgia Zentroko zuzendari zientifikoa), Nuria Iso Soto (Nautilus Experiencias Digitales-eko CEO eta sortzailekidea), Carmen Prieto (Fundaeko Ebaluazio, Ikerketa eta Prestakuntza Antolamendu Unitateko burua), Estíbaliz León (42 Urduliz Bizkaia, Fundación Telefónica-ko zuzendaria), Jokin Diaz Arsuaga (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko zuzendaria), Pilar Cubria (Training & Adoption Expert, SAP).