Lan Ikuskaritzak 20.587 jarduera egin zituen Euskadin 2024an, % 52 laneko arriskuen prebentzioan

Argitalpen-data: 


      Balance_Inspeccion_2024_06.jpeg
  • Ikerketen % 36,47 lan harremanekin lotuta egon ziren, gehienak lan denboraren kontrolarekin, lanaldiaren erregistroarekin eta lan baldintzekin

Mikel Torres Lehendakariordeak, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Iciar González Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak joan den urteko Lan Ikuskaritzaren balantzea aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, erakunde horrek 2024an 20.587 ikerketa egin zituela jakinarazteko. Ikerketa horien % 52,77 laneko arriskuen prebentzioari buruzkoak izan ziren (10.864).

«Laneko Arriskuen Prebentzioa da Lan Ikuskaritzaren oinarri nagusiena, kalitatezko enplegua ez baita ulertzen lan segurua ez bada», nabarmendu du Mikel Torres Lehendakariordeak, eta azpimarratu du «funtsezkoak direla enpresek lan arriskuei aurrea hartzeko ezarri behar dituzten politikak, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak sustatu eta garatzen dituenak».

Jarduketen zenbaketa globaletik, irregulartasunen bat aurkitu zen kasuen % 34tan, baina horien % 9,25etan bakarrik gertatu zen arau hauste bat. Hau da, «ez dugu bereziki zigortzailea den Lan Ikuskaritzarik, baizik eta haien lana proaktiboa eta prebentiboa da», zehaztu du Torresek.

Euskadin egindako 20.587 jarduketetatik, % 36,47k lan harremanekin izan zuten zerikusia, gehienak lan denboraren kontrolarekin, lanaldiaren erregistroarekin eta lan baldintzekin. Hain zuzen ere, lanaldiari dagozkion jarduketetatik Ikuskaritzak errekerimenduak egin zituen edo zigorrak jarri zituen kasuen % 64,29an. Hori dela eta, irakasgai hori «gure lan merkatuan gainditu gabeko ikasgaia» da.                                                                                                                            

Iruzurra kontratazioan  

Bestalde, hainbat kanpainatan kontratazio iruzurrari aurre egin ondoren, eraldatutako kontratuen kopurua murrizten joan da pixkanaka. 2024an, Lan Ikuskaritzak 38.806 kontratu berrikusi zituen; horietatik 3.345 kontratu mugagabe eta lanaldi osokoak bihurtu ziren, baina datu hori areagotu egingo da azken bi talka planen emaitzak lortzen direnean.

«Lan Ikuskaritza funtsezkoa da euskal langileen eskubideak babesteko eta bermatzeko, indarrean dagoen legedia zintzo betez», ziurtatu du Torresek. Kontratazioko iruzurraren murrizketan eragina izan du «lan erreformak kontratazioaren arloan eragindako aldaketak, bai eta enpresek gai hori gero eta gehiago betetzeak ere», nabarmendu du Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak.

Lehendakariordeak gogorarazi duenez, «askotan langileen irudiari eragiten dioten alderdi negatiboak baino ez dira azaleratzen; hala nola, soldata kostu handiak, laneko absentismoa deritzona, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera negatiboa edo lanaldiaren murrizketaren kataklismoa, baina oso gutxi hitz egiten da euskal enpresen zati baten ez-betetze etengabeaz, langileengan, haien lan  baldintzetan eta osasunean zuzenean eragiten duen lan legediaz».

«Horregatik da hain garrantzitsua Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritza; izan ere, herritarrei eta iritzi publikoei jakinarazten baitie enpresa askok oraindik ere irregulartasun larriak dituztela laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioan, kontratazioan iruzurrean eta lanaldia ez betetzean», azpimarratu du.

Mikel Torresek, gainera, iragarri ditu bere sailak ekitaldi honetarako dituen planak. Plan horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren Bigarren Kudeaketa Planaren idazketa dago. Plan hori izango da zerbitzu publiko hori kudeatzeko hurrengo urteetarako ibilbide orria. Plan horren bidez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak  onargarritzat jotzen dituen ratioak beteko dira, hau da, ikuskatzaile bat 11.000 langileko.

Ildo horretan, sailburuak aurreko urteetan sortutako plazak betetzeko konfiantza agertu zuen, eta plantilla % 25 inguru haztea ekarri zuten, hurrengo ekitalditik aurrera konpromiso hori lortzeko behar adina plaza sortu ahal izateko.

Atzerritarren lan baimenen transferentzia

Azkenik, Mikel Torresek baieztatu du «Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua atzerritarren lan baimenen tramitazioaren transferentzia amaitzen ari garela», eta iragarri du datorren astean «Transferentzien Batzorde Mistoa egingo dugula eskumenen eskualdaketa horri argi berdea emateko, aparteko garrantzia baitu atzerritarrek gure lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, zenbait sektoretan profesionalen eskasia dagoela egiaztatzen den une honetan», adierazi du Lehendakariordeak.

Transferentzia hori Lan Ikuskatzailetzara bideratu da, atzerritartasun arloko kontrola eta zaintza Euskal Autonomia Erkidegoko Ikuskaritzak egingo baitu. «Horretan ari gara lanean, azken xehetasunak leuntzen, eta espero dut laster alderdi tekniko guztiak zehaztu ahal izatea eta transferentzia hori gauzatzea», gaineratu du.

Ikuskaritzaren jardueraren balantze osoa hemen kontsulta daiteke: irekia.eus.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)