Abadiño Lagunkoiak bere diagnostiko parte-hartzaile berria aurkeztuko du eta II. Ekintza Plana diseinatzeko prozesua abiatuko du

Argitalpen-data: 

Ekainaren 19an, ostegunean, arratsaldeko seietan, Errota Kultur Etxean (Matiena, Abadiño), Abadiño Lagunkoiakadinekoekin lagunkoiagoa den herri baten alde egindako diagnostiko parte-hartzaile berria aurkeztuko du. Ekitaldi berean, herritarren iritzi eta ekarpen berriak jasoko dira, eta horiek baliagarriak izango dira II. Ekintza Planadiseinatzeko. Plan hau datozen bi urteetan gauzatuko da, udal korporazioarekin adostu ondoren.

Aurkezpen-ekitaldia kafea eta pastak eskainiz amaituko da, eta prozesuan parte hartu duten pertsonek dokumentuaren ale bana jasoko dute.

Ekimen hau Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatzen duen nazioarteko proiektuaren parte da, helburu duena herriak adinekoekin lagunkoiagoak izatea. Euskadin, egitasmo horri Eusko Jaurlaritzak ematen dio babesa Euskadi Lagunkoia programaren bidez, eta Bizkaiko Foru AldundiakBizkaia, adin guztietarako lurralde lagunkoia” egitasmoaren bidez.

Abadiño Lagunkoiaren atzean, 2016ko urritik herrian lanean diharduen adineko pertsonen talde bat dago. Proiektuan, gainera, udal gobernu taldea eta gizarte ongizateko batzordea ari dira laguntzen. Haiek arduratu dira, halaber, Maraka enpresa kontratatzeaz prozesuaren antolaketan laguntzeko.

2024ko irailean amaitu zen 2018an udala eta herritarrekin adostutako I. Ekintza Plana, eta ordutik hona hainbat lan egin dira Abadiñoren lagunkortasun maila aztertzeko eta etorkizuneko hobekuntza beharrak identifikatzeko. Burututako jardueren artean daude:

  • Aurreko diagnostikoaren eta ekintza planaren berrikuspena.

  • Paperean eta internet bidez egindako inkestak.

  • OMEk proposatutako zortzi arloak taldeetan aztertzeko saioak.

  • Zaindariekin, merkatariekin eta adinekoekin lan egiten duten beste pertsonekin bilerak.

  • Herriko auzoetan bilerak eta inkestak.

Zortzi hilabete luzeko lanaren emaitza da orain herritarren aurrean aurkeztuko den dokumentu berria, Abadiño adinekoekin gero eta lagunkoiagoa izan dadin urrats sendoa emanez.