Euskadi Lagunkoia Berria aurkeztu da Lagránen, Lagrán eta Peñacerradako alkateekin, Bernedoko Udalaren parte-hartzearekin
Atzo Lagránen egin zen Euskadi Lagunkoia Berria proiektuaren aurkezpena. Ekitaldian Lagrán eta Peñacerradako alkateak izan ziren, eta baita Bernedoko Udaleko zinegotzia ere, herriko kontzejuetan martxan dauden ekimenetan inplikatua. Hark Bernedon egindako lana partekatu zuen, ingurune lagunkoiagoak sortzeko bidean lortutako esperientzia azalduz.
Saioan Euskadi Lagunkoia Berriaren helburuak eta metodologia aurkeztu ziren, eta azpimarratu zen beharrezkoa dela lan egiteko moduak landa-errealitatera egokitzea, lagunkoitasuna Arabako herrietan aukera erreal bihur dadin.
Era berean, udalerrien arteko ekintza partekatuak bultzatzea funtsezkotzat jo zen. Horrela errazago antola daitezke jarduerak, indartu herritarren arteko harremanak eta erantzun modu hurbilagoan Mendialdeko bizilagunen eguneroko beharrei.
Bernedok egindako ekarpena bereziki nabarmendu zen: herritarren parte-hartzea sendotzeko komunitateko eragileen mapa ari dira osatzen, eta hori adibide esanguratsua da herri txiki eta sakabanatuetan lankidetza-sareak ehuntzen hasteko.
Bai Lagrán bai Peñacerradako ordezkariek adierazi zuten interesgarria egin zitzaiela lagunkoitasunaren bidea ezagutzea eta ikuspegi horrek landa-eremuetako herriei ekar diezazkiekeen aukerak aztertzea.