José Enrique Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak amaiera eman dio gaur, Bilbon, Lehiaren Euskal Agintaritzak antolatutako jardunaldiari. Jardunaldiaren leloa “Lehia askearen babesa kontratazio publikoan” izan da.
Corchón sailburuordeak aditzera eman du kontratazio publikoa ez dela administrazioentzat beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko tresna hutsa, “hazkunde ekonomikoaren eta berrikuntzaren motorra ere bada”.
Ildo horretatik, zehaztu du lizitazioetan lehia sustatzen denean, prezio hobeak eta kalitate handiagoa lortzen direla eta operadore ekonomiko ugariren parte-hartzea sustatzen dela, enpresa txiki eta ertainak barne. Aitortu duenez, azken horiek “askotan kontratu horiek lortzeko oztopoei aurre egin behar diete”.
Sailburuordearen iritziz, lehia osasuntsu eta eraginkorrak merkatu dinamikoagoak eta bidezkoagoak bultzatzen ditu. Gainera, lizitazio gardenen bidez operadore gehiagori partaidetza irekitzearekin, “baliabide publikoak modu efizientean erabiltzea lortzen dugu eta gizarte osoari egiten dio mesede”.
Eta emaitza horiek lortze aldera, Corchón sailburuordeak adierazi du “arreta berezia” jarri behar zaiola lehiaketa publiko ororen antolaketaren aurreko urratsetan, bai kontratazio-prozeduren hautaketan, bai lizitazioak arautzen dituzten agirien prestaketan.
Hori dela eta, gardentasuna, zorroztasuna eta parte-hartzea zaindu behar den prozesu horretan garrantzi handiko hiru mugarri nabarmendu ditu. Lehenik, uste du funtsezkoa dela agiriak idaztean operadore ekonomikoen parte-hartzea mugatu dezaketen eta beharrezkoak ez diren oztopoak ez sartzea.
Bigarrenik, kolusio-jardunbideak hautematea, hau da, merkatu bateko lehia murriztea, eragoztea edo faltsutzea helburu duten enpresen edo pertsonen arteko akordioak edo ekintzak hautematea.
Hirugarrenik, eta azkenik, Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak nabarmendu du organo espezializatuak eta baliabide egokiak izatearen garrantzia.
Jardunaldi horretan izan dira, halaber, Kontratazioa Arautzeko eta Gainbegiratzeko Bulego Independenteko (OIRESCON), Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoko (KEAO) eta Lehiaren Euskal Agintaritzako ordezkariak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)