Santurtzik hasiera eman die 2025eko Europar Kirol Hiriaren karietara antolatutako ekitaldiei “Kirolaren indarra: eraldatzen duten balioak” eta “Kirola garapen eta ongizateren motorra” izeneko jardunaldiekin.
Urtean zehar hainbat jarduera egingo dira udalerriko kirolari balioa emateko, tokiko kirolariei protagonismoa emanez, egungo eta iraganeko kirol-probak bultzatuz eta azpiegituren eta instalazioen eskaintza hobetuz.
Abiapuntu gisa, martxoak 17, kirola balioak transmititzeko eta ongizatea emateko tresna gisa nabarmentzea helburu duten bi jarduera egin dira.
Kirolaren ahalmena: eraldatzen duten balioak
Jardunaldia Serantes Kultur Aretoan hasi da Carmelitas, Patronatua, Bihotz Gaztea eta San Francisko Javier ikatetxeetako DBH-ko ikasleei zuzendutako ahalduntze eta hausnarketa saio batekin. Topaketa honetan Jessica Val igerilari olinpikoak eta Leticia Canales Surflariak haien bizipenak eta eskarmentua partekatu dituzte era besteak beste, kirolaren berezko balioez eta kirol-errendimenduaren eta prestakuntza akademikoaren arteko bateragarritasunaz aritu dira.
Kirolak bizitza pertsonalean eta profesionalean duen eragin positiboari buruz hausnartzera animatu dituzte bi kirolariek ikasleak.
Kirola, garapenaren eta ongizatearen iturria
Gero Casa Torre jauregian kongresu bat egin da “Kirola, garapenaren eta ongizatearen iturria” izenburupean. Jardunaldian administrazio publikoek, eta zehazki udalek, abian jar ditzaketen estrategia eta politika zehatzak landu dira, gizarte aktibo eta kirolzaleagoa eraikitzeko.
Karmele Tubilla Santurtziko alkateak ondo asko esan bezala “kirol eskaintza zabala dugu Santurtzin, gure tradizioei oso lotuta dauden eta Santurtzi lehiaketa handien mapan jarri duten diziplinak nabarmentzen dituena". Halaber, gaineratu duenez, “jardunaldia aukera paregabea da profesionalen artean ezagutza trukatu eta estrategia berriak erabiliz, gure herrietan bizimodu aktibo eta osasungarria sustatzeko. Horrela, gure aletxoa jarriko dugu herritarren ongizate eta bizi kalitatea hobetzeko”.
Bestalde, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak zera adierazi du: “udalerri batek kirola bere nortasun-ezaugarrietako bat izateak balio handia du. Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan, elkarbizitza eraikitzen da eremu publikoaren eta pribatuaren artean, premia eta errealitate desberdinak dituzten izaera desberdineko kluben artean, baina indarrak batzeko gai direnean, beste eremu batzuetatik alderatzeko zaila den sendotasunaren motorra dira. Horregatik babesten ditugu jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendaritzak horrelako ekimenak, iruditzen zaigulako oraindik ere askoz gehiago dugula eskaintzeko".
Carlos Sergio Atxotegi Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari Nagusiak hauxe gaineratu du: "ziur nago jardunaldi honetan Santurtziko, Bizkaiko eta Euskadiko kirol-proiektua sendotuko duten ideiak eta harremanak sortuko direla; izan ere, kirolak pertsonen garapena eta ongizatea sustatzen duen motorra izaten jarraituko du, komunitate osasungarriagoak, kohesionatuagoak eta oparoagoak sortuz”.
Irekieraren ondoren, Luis Solarrek, Europako Kirolaren Hiriko kolaboratzaileak, aurkezpen bat egin du "Hiriak herritarren ongizatearekin konprometituta" izenburupean.
Horren ostean bi mahai-inguru egin dira. Lehenengoan herritarren bizi-kalitatea hobetzeko jarduera fisikoa sustatzen duten ekimen berritzaileez aritu dira. Mahai-inguru horretan Mikel Bringas Eusko Jaurlaritzako kirol-kudeatzaileak; Xabier González Sanamaria irakasle kirolari buruzko ikasgaien koordinatzaile eta Deustuko Unibertsitateko Deusto Sprots & Society ikerlari-taldeko kideak; Karite Alegria Ideaz4Innovation-eko fundatzaile eta CEOak eta Pello Uriarte Athlonen ordezkariak hartu dute parte.
Bigarrenean, berriz, euren udal-politikan kirola txertatu duten hiriez jardun dute. Horretan Itxaso Erroteta Biloko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia; Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia, Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko Kultura, Euskara eta Kirol zinegotzia; Marcos Moreno Active Running Citiesen ordezkaria eta Juanma Murua kontsultore, ikerlari eta Hiria, Ekonomia eta Kirol gaietan espezializatutako prestatzailea izan dira parte-hartzaileak.
Jardunaldia amaitzeko, Jessica Vallek kirolean aritzeko motibazioa pizteko ponentzia bat aurkeztu du. Bertan kirola egiteko behar den ahaleginaz, diziplinaz eta garapen pertsonalaz aritu da, nork bere mugak gainditzeari eta konstantziari buruzko mezu lagungarria helaraziz.
Jardueren lehenengo egun hau ekitaldiz eta proiektuz betetako urtearen hasiera baino ez da, Santurtzi kirolaren eta ongizatearen herri sustatzaile gisa sendotuko duena.